Mundua -
Turkia
41 pertsona hil dira Istanbulen, bonba-autoz egin den atentatu batean
Bonba-auto bat leherrarazi dute Besiktas futbol taldearen zelaitik gertu, bertan izan den partida bukatu eta gerora. Atentatua PKKtik bereizitako talde erradikal batek hartu du bere gain.
Agentziak | Erredakzioa
41 pertsona hil dira Istanbulen (Turkia), Besiktas taldearen zelaitik (Vodafone Arena) gertu larunbat gauean jazotako bi leherketen ondorioz, segurtasun-iturriek Reuters albiste-agentziari jakinarazi diotenez. Eztandak Euskadin 20:30 zirenean gertatu ziren, etxeko taldeak Busaspor taldearen aurka jokatu zuen partidaren amaieran, eta, lehen hipotesien arabera, estadioa zaintzen ari ziren istiluen kontrako poliziaren aurka egindako atentatu terrorista bat izan da.
Numan Kurtulmus Turkiako lehen ministroordeak Kurdistango Langileen Alderdiari (PKK) egotzi dio atentatua. "Ez da ziurra, baina zantzu guztien arabera, horrek egin du", esan dio Kurtulmusek CNNTürk telebista-kateari Besiktas futbol-zelaiaren inguruan izandako erasoaz galdetu diotenean. Helburua segurtasun-indarrak zirela adierazi du, eta 300 edo 400 kilo lehergai erabili dituztela gaineratu du.
Leherketak izan eta bi ordura, Turkiako segurtasun-indarrek inguru hartan aurkitu zuten pakete susmagarri bat leherrarazi zuten, NTV kateak zabaldu zuenez. Segurtasun-indarrek ez dute baieztatu leherketen ostean tiroketa bat izan zen, hasiera batean zenbait hedabidek plazaratu bezala.
Irrati eta Telebista Batzordearen agindu batek gertakariaren gaineko zentsura ezarri du. 39 hildakoez gain, 150 pertsona zauritu direla baieztatu du Barne ministroak. Gainera, esan du ziurrena leherketetako bat suizida batek eztandarazitako bonba-auto baten ondorioz gertatu dela.
Ministroaren esanetan, ibilgailuak futbol-zelaia zaintzen ari ziren istiluen kontrako poliziaren furgoneta baten alboan egin zuen eztanda. "Lehergailua gure polizia indarrak zeuden lekuan lehertu da", adierazi du ministroak.
Erantzuleak
Bestalde, Kurdistango Askatasun Belatzak talde armatuak (TAK) bere gain hartu du erasoa, Firat kurduen aldeko albiste-agentziaren bitartez zabaldutako mezu batekin. PKKtik aldendutako talde erradikal horrek adierazi duenez, "sakrifizioa egin duten bi lagunek", bi suizidek, poliziak hiltzea zuten helburu, baina ez herritarrak.
Gobernuaren aburuz, atentatuak egiteko eta irudi txarra saihesteko PKKren talde subsidiarioa baino ez da TAK taldea.
2004az geroztik izandako hainbat erasoren erantzukizuna bere gain hartu du talde horrek. 2006an, esaterako, zazpi suizidekin egindako erasoak aldarrikatu ditu, gehienak Ankara eta Istanbulgo Poliziaren aurkakoak.
"Apo presidentea (PKKren sortzaile Abdullah Ocalan) espetxean dagoen bitartean eta Turkiako Errepublikak Kurdistanen torturak egiten jarraitzen badu, Turkiak ez du lasaitasunik izango", gaineratu du TAKek.
33 pertsona atxilotu dituzte
Turkiako Poliziaren terrorismoaren aurkako unitateak 20 pertsona atxilotu ditu astelehen honetan Istanbulen. Kurduen aldeko Herriaren Alderdi Demokratako kideak dira atxilo hartutakoak, Anatolia albiste-agentziak jakinarazi duenez. Aysel Guzel Istanbul lurraldeko liderra dago atxilotuen artean, baita alderdiko beste buruzagi batzuk ere. Aurreko egunetan 13 lagun atxilotu dituzte. Turkiako Gobernuak PKKrekin lotura izatea egotzi dio Herriaren Alderdi Demokratari, eta harreman hori dela-eta agindu omen ditu atxiloketak.