Mundua -

Atentatua

Anis Amriren hatz markak aurkitu dituzte Berlinen erabilitako kamioian

Atentatuaz geroztik bilatzen ari diren tunisiarraren arrastoak erasoan erabili zuten kamioiaren gidariaren atean topatu dituzte, agintariek oraindik baieztatu ez dituzten informazio batzuen arabera.

Anis Amriren hatz markak aurkitu dituzte Berlinen erabilitako kamioian

1:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikertzaileek Anis Amriren, Berlingo atentatuaren harira bilatzen ari diren tunisiarraren, hatz markak aurkitu dituzte Gabon merkatuan bildutakoak harrapatzeko erabilitako kamioiaren gidariaren atean, Sueddeutsche Zeitugn egunkariak eta WDR eta NDR kateek jakinarazi dutenez.

Agintariek ez dute oraindik informazio hori baieztatu, eta, egiazkoa izanez gero, susmagarri nagusitzat dutenak erasoan parte hartu zuela berretsiko litzateke. Estatu Islamikoak bere gain hartu duen atentatuan, hamabi pertsona hil ziren, eta 48 zauritu.

Bestalde, Der Spiegel astekariak webgunean iragarri duenez, Amrik hainbat aldiz eskaini zuen bere burua eraso suizidak egiteko, zerbitzu sekretuek isilpean entzundako hainbat telefono elkarrizketatan. Hala ere, hedabide horrek plazaratutako informazioaren arabera, elkarrizketa horietan esandakoak ez ziren atxilotzeko bezain argiak.

Amriren izenean zegoen bizileku baimen batek jarri zituen agintariak tunisiarraren arrastoan, kamioaren barruan aurkitu baitzuten. Alemanian dagoenetik hainbat izen erabili ditu Amrik, eta susmopean zuten, Abu Walaa Estatu Islamikoarentzat jendea errekrutatzea egotzita azaroan atxilotuta islamistarekin harremanak baitzituen.

Dokumentu bat aurkitu zuten asteartean

Berlingo Poliziaren bozeramaile baten hitzetan, Amriren nortasun agiria zuen zorroa ez zuten astelehenean aurkitu, asteartean baizik: “Erabateko segurtasunez esan dezakegu astelehenean ez zegoela tunisiar susmagarriaren gaineko inolako zantzurik”.

Antza denez, Sueddeutsche Zeitunge egunkariak esandakoari jarraituta, kamioia ez zuten gertakariak izan ziren tokian miatu, eta astearte goizean Poliziaren egoitza batera eraman zuten.

Hasiera batean, Poliziak txakurrak erabilita egin zuen miaketa, susmagarriaren usaina igar zezaketelakoan. Ordu batzuk geroago arakatu zuten sakonago, eta orduan aurkitu zuten Amriren nortasun agiria.

Alemaniar kazetari batzuk harrituta agertu dira, Poliziak berandu miatu baitzuen kamioia, euren ustez, are gehiago jakinda beste eraso terrorista islamiar batzuetan, Nizakoan berbarako, egileek beren burua identifikatzeko agiriak utzi dituztela jakinda.

Adituen ustez, Amrik nahita utzi zuen agiria kamioiaren barruan, jihadista askok jarrera nartzisista hori erakutsi ohi dute eta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Atentatuak albisteak