Mundua -
Finantza erreskatea
Italiako Gobernuak Monte dei Paschi bankuaren erreskatea onartu du
Finantza erakundeak kapitala handitzeko prozesuak porrot egin duela iragarri ondoren hartu du Gobernuak erabakia. 20.000 milioi euro bideratuko ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Italiako Gobernuak Monte dei Paschi di Siena (MPS) bankua erreskatatzeko dekretua onartu du ostiral goizaldean, finantza erakundeak kapitala handitzeko prozesuak porrot egin duela iragarri eta ordu batzuetara.
Finantza erakundearen iragarpenaren ondotik egindako ministroen ezohiko bileran hartu dute erabakia. Gainera, Europar Batasuneko agintariekin koordinatutako erreskate operazioa izan da.
Herrialdeko agintariek 20.000 milioi euroko diru-funtsa sortzea erabaki dute Toscanako bankuaren eta Banca Popolare di Vicenza, Veneto Banca eta Banca Carige finantza erakundeen arazoak konpontzeko.
Paolo Gentiloni lehen ministroak gidatzen duen Gobernuak onartutako diru-funtsak bi helburu nagusi izango ditu: dirua inbertitzen dutenen aurrezkiak babestea eta finantza sektorea indartzea.
Italiako Il Sole 24 Ore egunkariak zabaldutako informazioaren arabera, litekeena da munduko banku zaharrena denaren (1472) erreskatea hainbat fasetan, bizpahiru hilabetetan, egitea.
Bankuaren esanetan, lau hilabetean agor liteke bere likidezia (10.600 milioi euro).