Mundua -
Bi, kargurik gabe aske
7 pertsona atxilotu dituzte Australian atentatuak egitekoak zirelakoan
Poliziaren ustez, atxilotuetako bostek –beste bi libre utzi dituzte– hainbat eraso jo nahi zituzten Melbournen, lehergailuak, su armak eta arma zuriak erabiliz.
Agentziak | Erredakzioa
Poliziak zazpi pertsona atxilotu ditu Australian, terrorismoaren aurkako operazio batean, Gabonetan Melbournen bonbak erabiliz hainbat eraso egin nahi zituztela leporatuta, herrialde horretako agintariek iragarri dutenez.
Bart egin dituzte atxiloketok, Melbourne (uhartearen hegoaldea) inguruko herrietako bost etxebizitzatan, eta poliziek lehergaia eta armak topatu dituzte berorietan.
Poliziaren iritziz, atxilotutakoek atentatuak egin nahi zituzten hiriaren erdialdean, agidanez Gabon egunean, Estatu Islamikoa talde terroristaren jardunean inspiratuta.
“Azken urteetan desegindako plan terrorista nabarmenetakoa da hau”, esan du Malcolm Turnbull Australiako lehen ministroak.
Victoria eskualdeko poliziaburuaren, Graham Anstonen, esanetan, ikertzaileek uste dute une berean hainbat helburu jo nahi zituztela erasotzaileek, Estatu Islamikoak ohikoa duen bezala, lehergailuak, arma zuriak eta su armak erabiliz.
Atxilotuetako bi, libre kargurik gabe
Atxilotuetako bi kargurik gabe aske utzi dituzte, eta gainerako bostek Poliziaren zaintzapean jarraitzen dute, Auzitegira noiz bidaliko dituzten zain. Ashtonen hitzetan, terrorismo karguak egotziko dizkiete bertan.
20 eta 26 urte arteko bost atxilo horietatik lau Australian jaiotakoak dira, eta bosgarrenak ere australiar herritartasuna du, Egipton jaiotakoa bada ere.
2014ko irailean, Australiak alerta terroristaren maila igo zuen, eta, harrezkero, segurtasun neurriak indartu eta terrorismoaren aurkako legeak onartu ditu.
Orduz geroztik, Australian lau eraso izan dira, eta, Poliziaren arabera, atentatuak egiteko hamabi saiakera utzi dituzte bertan behera.