Mundua -

Aire-istripua

Errusiako hegazkin militarreko bi kutxa beltz aurkitu dituzte

Ikertzaileek uste dute akats tekniko bat edota pilotuaren hutsegite bat izan litekeela istripuaren arrazoia. Halaber, objektu bat hegazkin militar horren motorrean sartu izana ez dute ukatu.

Erreskate taldeek kutxa beltzetako bat aurkitu dute
Hegazkinaren lehen kutxa beltza berreskuratu dute, Itsaso Beltzean

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erreskate taldeek Tu-154 hegazkinaren bi kutxa beltz aurkitu dituzte astearte honetan, igandean Itsaso Beltzean hondoratu ostean, 92 bidaiarirekin, segurtasun-indarretako iturri batek jakinarazi duenez.

“Bi kutxa beltzen (kabinako ahotsen grabagailua eta adierazpide parametrikoen grabagailua) kokalekua zein den ezagutzen dugu”, esan du. Dena den, oraindik beste kutxa beltz bat aurkitu behar dute, ohikoa baita hegazkin militarrek hiru kutxa beltz izatea.

Goizean lehenengo kutxa beltza aurkitu eta berreskuratu dute, kabinako ahotsen grabagailua, hain zuzen ere. Kutxa beltza gaur bertan bidali dute Moskura, Errusiako Aire Indarren Ikerketa Zientifikoko Institutu Zentraleko adituek aztertu dezaten, Errusiako Defentsa Ministerioak iragarri duenez.

“Behin-behineko azterketari esker ikerlariek hipotesi batzuk atzera bota dituzte”, ziurtatu du departamentu militarrak. Dena den, ez du argitu zeintzuk diren baliogabe geratu diren hipotesiak. Alabaina, eraso terroristaren ideia ez da hipotesi nagusien artean egon.

Errusiako hedabideen arabera, ikertzaileek uste dute akats tekniko bat edota pilotuaren hutsegite bat izan litekeela istripuaren arrazoia. Halaber, objektu bat hegazkin militar horren motorrean sartu izana ez dute ukatu, ezta erabilitako erregaia kalitate gutxikoa izatea ere.

Errusiako erreskate taldeak hegazkin militarraren zati ugari aurkitu du orain arte, fuselajearen zatiak eta Tu-154 hegazkinaren motorrak barne, Sotxi hiritik 1.700 metrora. Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez, hegazkinaren zatiak 500 metroko zabaleran sakabanatuta daude.

Halaber, gaur goizera arte, 13 gorpu berreskuratu dituzte (bi identifikatuta daude jada). Ezbeharra izan duen aireontzian honako bidaiariak zihoazen: zortzi tripulatzaile, Errusiako Armadako koruko eta dantza taldeko 64 pertsona, bederatzi kazetari, zortzi militar, bi funtzionario eta Elizaveta Glinka mediku ospetsua, fundazio humanitario bateko presidentea.

Hegazkin militarra Sotxi hiritik aireratu berri zen, eta bertan eskala egin ostean Sirian dagoen Errusiako base baterantz zihoan. Itsaso Beltzaren kostaldetik gertu aurkitu dituzte hegazkinaren hondarrak, 27 metroko sakoneran.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusia albisteak Hegazkin istripuak albisteak