Mundua -
Erasotik 75 urtera
Abe eta Obama Pearl Harborreko bisita sinbolikoan bildu dira
Zeremoniak minutu bateko isilaldia izan du. Japoniako lehen ministroa eta AEBko presidentea erasoan hildako pertsona guztien izenak idatzita dauden paretaren aurrean gelditu dira handitasunez.
Agentziak | Erredakzia
Barack Obama AEBko presidentea eta Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak Pearl Harborrera bisita sinbolikoa egin dute astearte honetan, Washingtoni Bigarren Mundu Gerran sartzera eraman zion aire-erasotik 75 urte pasatu direnean.
Ekitaldian, Abek eta Obamak loreak jarri dituzte USS Arizona Memorialean, erasoan hondoratutako itsasontziaren baitan eraikia. Horren ostean, Japoniako lehen ministroak doluminak eman dizkie biktimei.
Zeremoniak minutu bateko isilaldia izan du, eta Abe eta Obama erasoan hildako pertsona guztien izenak idatzita dauden paretaren aurrean gelditu dira handitasunez.
“Hemen bizia galdu zuten arimei doluminak” erakutsi nahi izan dizkie Abek, Kiodo Japoniako albiste agentziak jakitera eman duenez.
Halaber, “leku honetan hasi zen gerran bizia galdu zuten gizon eta emakume ausarten espirituarentzat” hitzak izan ditu.
Bestalde, Obamak “keinu historikotzat” jo du ekitaldia, eta “adiskidetzearen botereari buruz hitz egiten” duela gaineratu du. “Gerrak eragin ditzakeen zauririk larrienek ere adiskidetasunera eta bake egonkorrera eraman dezaketela gogorarazten du”, nabarmendu du.
“Bakean gerran baino irabazteko gehiago dagoen mezua bidaltzea espero dut mundura”, esan du, eta “nazioen izaera gerran jartzen da frogan, baina bakean definitzen da”, azpimarratu du.