Mundua -

Turkia

Estatu Islamikoak bere gain hartu du Istanbulgo atentatua

Erasotzaileak ihes egitea lortu zuen, eta Polizia haren bila ari da. Atentatua egiteko erabili zuen arma dantzalekuan utzi zuen. Poliziak 8 pertsona atxilotu ditu erasoarekin lotura dutelakoan.

Eraso armatua Istanbulen. Argazkia:EFE
Eraso armatua Istanbulen. Argazkia:EFE
Istanbulgo tiratzailearen bila dabil Turkiako Polizia

1:39

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Islamikoak bere gain hartu du Gabon Zahar gaueko Istanbulgo atentatua. Istanbulgo dantzaleku baten kontrako erasoan 39 pertsona hil eta 69 zauritu ziren.

Taldeak ohar bat kaleratu du erasoa bere gain hartuz, eta «gurutzearen babesleen» kontrako borrokaren barruan kokatu du. Turkiak Sirian musulmanen kontra egiten dituen bonbardaketen mendekua dela azpimarratu du. «Kalifatoaren soldadu heroiko batek erasoa jo zuen dantzaleku ezagun batean, kristauak euren jai apostata ospatzen ari zirela», adierazi du ISISek.

Oraindik ez dute oharraren egiazkotasuna frogatu. Testuan jasotako informazioaren arabera, erasotzaileak granadak eta metrailadoreak erabili zituen.

Erasotzaileak ihes egitea lortu zuen, eta agintari turkiarrek ez dute identifikatu oraindik. Komunikatuan ez da erasotzailearen inguruko xehetasunik agertzen.

8 pertsona atxilotu dituzte atentatuarekin lotura dutelakoan

Turkiako Segurtasun indarrek zortzi pertsona atxilotu dituzte atentatuarekin lotura dutelakoan, Daily Sabah egunkariak zabaldutako informazioaren arabera. Dena den, erasotzailea ihes eginda dago.

Turkiako Polizia Istanbulgo erasotzailearen bila ari da

Turkiako Polizia Gabon Zahar gauean Istanbulgo dantzaleku batean 39 pertsona hil eta 69 zauritu zituen erasotzailearen bila ari da.

Binali Yildirim Turkiako lehen ministroak azaldu duenez, erasotzaileak dantzalekuan utzi zuen erasotzeko erabili zuen arma. Erasotzailea 01:30ean Reina dantzalekuan sartu, eta urte berriaren hasiera ospatzen ari zirenen aurka tiro egiten hasi zen.

Lehen ministroak ez du zehaztu erasotzaileak zer arma erabili zuen, baina lekuko batzuek kalanishkov bat zela diote eta, beste batzuek, berriz, arma automatiko bat zela.

Hurriyet egunkariak zabaldutako informazioaren arabera, 39 hildakoen artean ?25 gizon eta 14 emakume?, 11 turkiarrak dira, 24 beste herrialdeetakoak eta 4 gorpu ez dituzte oraindik identifikatu. Kazetaren arabera, atzerritarren artean, zazpi saudi, lau irakiar, hiru jordaniar, bi indiar, bi tunisiar, bi libanoar, kanadar bat, siriar bat, israeldar bat eta belgikar bat identifikatu dituzte.

PKK-k atentatuarekin lotura oro ukatu du

Murat Karayilan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagi batek Istanbulgo erasoa gaitzesteaz gain, ziurtatu du erasoa ez dela kurduen ardura izan.

«Urteberri eguneko gertakaria gaitzesten dugu», adierazi du Rudaw albiste atariak zabaldutako informazioaren arabera. «Ez indar kurduek, ez kurdu bakar batek, ez dute parte hatu erasoan; ez da gure erasoa izan», berretsi du.

Egilea: IVAP

Argitaratzailea:

Oñati: Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP)

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Atentatuak Eguneko albisteak Turkia berriak