Mundua -

Turkia

Dagoeneko 18 pertsona atxilotu dituzte Izmirgo atentatuarekin lotuta

Oraingoz, inork ez du atentatua aldarrikatu, baina Turkiako agintariek esan dute litekeena dela erasoa Kurdistango Langileen Alderdiak (PKK) egin izana.

Imzir hiriko Justizia Auzitegiaren ondoan (Turkiako mendebaldean) izandako atentatua. Argazkia: EFE
Imzir hiriko Justizia Auzitegiaren ondoan (Turkiako mendebaldean) izandako atentatua. Argazkia: EFE
Imzir hiriko Justizia Auzitegiaren ondoan (Turkiako mendebaldean) izandako atentatua. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Turkiako Poliziak 18 pertsona atxilotu ditu ostiral honetan, Izmirgo (Turkia) atentatuarekin nolabaiteko lotura dutelakoan. Ustezko bi erasotzaileek bonba-auto bat leherrarazi zuten ostegunean, Imzir hiriko Justizia Auzitegiaren ondoan (Turkiako mendebaldean). Guztira lau pertsona hil ziren: polizia bat, auzitegiko langile bat eta ustezko bi erasotzaileak. Tokiko agintariek Kurdistango Langileen Alderdia (PKK) jo dute eraso horren erantzuletzat.

Bekir Bozdag Turkiako Justizia ministroak atentatuan hildako baten hileta-elizkizunean adierazi duenez, ikerketa sakon baten ostean agintariek atentatuaren egileak identifikatu dituzte. Turkiako Poliziak bi erasotzaileak hil zituen, Imzirgo Justizia Auzitegiaren inguruan izandako tiroketa batean.

Alabaina, atentatu horretan pertsona gehiagok parte hartu zuten ikertu behar du orain Turkiako Poliziak. Ildo horretatik, dagoeneko 18 pertsona atxilotu dituztela iragarri du Bozdag ministroak. “Orain arte jasotako informazio guztiak argi erakusten du Kurdistango Langileen Alderdia (PKK) izan zela atentatuaren inguruko jarraibideak eman zituena”, esan du Turkiako Justizia ministroak.

Oraingoz, inork ez du atentatua aldarrikatu, baina Turkiako agintariek esan dute litekeena dela erasoa Kurdistango Langileen Alderdiak (PKK) edo horren inguruko talderen batek egin izana.

Atentatuaren egileak bi ibilgailu desberdinetan iritsi ziren Imzir hiriko Justizia Auzitegira. Antza denez, barrura sartzeko asmoa zuten, ahalik eta jende gehien hiltzeko. Arrazoi horregatik arma mordoa zeramaten gainean.

Alabaina, ihes egitean bonba-auto bat leherrarazi zuten erasotzaileek. Bigarrena Turkiako Poliziak leherrarazi zuen, guztia kontrolpean zuenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Atentatuak bideoak Albisteak Turkia berriak