Mundua -
Portugalen
Mario Soares presidente ohiari azken agurra emango diote gaur
Portugalgo demokraziaren eraikuntzan paper garrantzitsua bete zuen. 92 urte zituela hil da, eta Estatu-hileta batekin agurtuko dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
92 urte zituela, larunbat honetan hildako Mario Soares presidente ohiari azken agurra emateko ekitaldia prestatzen ari dira Portugalen. Herrialde horretako demokraziaren eraikuntzan paper garrantzitsua bete zuen Soaresek, eta, hori dela eta, Estatu-hileta egingo diote astelehen honetan.
Hil-kapera Jeronimoen Monasterioan irekiko dute gaur, baina ehunka herritar hurbildu dira Soaresek berak 1973an klandestinitatean sortutako Alderdi Sozialistaren egoitzara. Izan ere, han bertan Soaresen argazki handia jarri dute, eta horren hitzaldiak emititzen dituen pantaila bat. Eraikina zabalik dago, eta doluminak agertzeko bisita-liburua jarri dute eskura.
Politikari popularra
Soaresek izaera bizia zuen, eta aurkari politikoekin izandako liskarretan larderiatzaile zela ematen zuen; herritarrekin, ordea, hurbila zen, eta horiek besarkatu eta musukatu egiten zituen ekitaldi publikoetan.
Antonio Ramalho Eanes presidentearen aurrekoa soila eta serioa zen. Horren aldean, 1986tik 1996ra gobernuburu izan zen epean, Soares herrikoia izan zen, eta estilo berdinari eusten dio Marcelo Rebelo de Sousa egungo presidente kontserbadoreak.
Gainera, lehen ministro lanetan ere aritu zen Soares, 1976-1978 eta 1983-1985 epeetan, eta bera "errepublikanoa, sozialista eta laikoa" zela esaten zuen. Hori dela eta, hiletan ez da ekitaldi erlijiosorik izango.