Mundua -

Frantzia

Gizon batek soldadu frantses bati eraso dio Parisen, Louvretik gertu

Soldaduak tiro eginez erantzun dio, eta gizona larri zauritu du. Erasotzaileak "Ala handia da" oihukatu omen du. Frantziako Poliziak, beste pertsona bat atxilotu du, erasoarekin zerikusia duelakoan.

Gertakaria Louvre museotik gertu jazo da. Reuters
Louvreko museoa. Reuters
Soldadu batek eraso egin dion gizona tirokatu du, Louvre kanpoaldean

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aihotz batekin armatutako gizon batek soldadu frantses bati eraso dio gaur Parisen (Frantzia), Carrousel plazan eta Louvre museotik gertu, eta honek tiro eginez erantzun du, Frantziako Poliziak baieztatu duenez. Erasotzailea larri zauritu da.

Erasoa 10:00etan jazo da. Gizonak Sentinelle terrorismoaren aurkako polizia talde batengana jo du, mehatxu eginez eta  "Allah Akbar" (Ala handia da) oihukatuz, Michel Cadot poliziaburuak zehaztu duenez.

"Gizonak aihotza zeraman eskuan, eta motxila bi bizkarrean", azaldu du Cadotek. Artezilariek gerora baieztatu ahal izan dutenez, zorroetan ez zegoen lehergairik.

Cadot poliziaburuaren esanetan, soldaduak zauri arina du aurpegian. "(erasotzaileak) Gertuen zuen militar honek bost tiro bota ditu, eta larri zauritu du", zehaztu du.

Paris Louvre ataque erasoa EFE

Paris Louvre ataque erasoa EFE

Militar bat Louvre ingurua zaintzen. Artxiboko irudia: EFE

Bigarren pertsona bat atxilotu dute

Bernard Cazeneuve Frantziako lehen ministroaren hitzetan, "itxura guztien arabera, eraso terrorista" izan da Carrousel plazakoa.

Bien bitartean, Parisko Terrorismoaren aurkako Fiskaltzak ikerketa abiatu du.

Pierre-Henry Brandet Barne Ministerioko eledunak jakinarazi duenez, Poliziak beste pertsona bat atxilotu du erasoarekin zerikusia duelakoan (zauritutako erasotzailea ere atxilotuta dago).

Orsay eta Louvre museoak, hustuta

Badaezpadako neurri gisa, Louvre eta Orsay museoak jendez hustu dituzte, eta metroko 7. lineako (Palais Royal) zerbitzua mugatu dute. "Louvre museoan zeuden 250 lagunak talde txikitan atera dituzte", esan du poliziaburuak.

Frantzia Larrialdi Egoeran dago 2015eko azaroaz geroztik. Estatu Islamikoak bere gain hartutako eta Parisen egindako atentatu sortan 130 pertsona hil ziren. Iaz, uztailaren 14an, beste atentatu bat izan zen Nizan; 86 pertsona hil ziren.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo munduko albisteak Paris Frantzia Albisteak