Mundua -
Holanda
Ur-kanoiekin desegin dute Turkiarrek deitutako martxa bat, Amsterdamen
Protesta baimenduta zegoen, baina, ondoren, manifestari batzuek petardoak eta suziriak bota dituztenean, desegin dute taldea. Erdoganen alde eta Holandaren debekuaren aurka atera ziren.
agentziak
Istiluen aurkako Poliziak Recep Tyyip Erdogan presidente turkiarraren aldeko manifestazio bat desegin du bart Amsterdamen ur-kanoiak erabilita.
Protesta arratsaldeko azken orduan hasi zen, eta 22:45ean bizi izan ziren unerik beroenak. Horren ondorioz, istiluen aurkako Poliziaren talde berezi batek esku hartu behar izan zuen, eta ur-kanoiak erabili zituen manifestari taldea desegiteko.
Turkiako zenbait herritarrek deitu zuten protesta sare sozialen bidez, Ankarako ministroek Holandara egin behar zuten bisitaren debekua salatzeko. Ministroek Turkiak deitutako erreferendumaren aldeko hitzaldia egin nahi zuten. Erdoganen galdeketa horren bidez, presidentearen beraren boterea handitu nahi dute.
Eberhard van der Laan Amsterdameko alkateak baimena eman zuen protesta egiteko, baina, ondoren, desegiteko agindua eman zuen, eragindako istiluak eta ordena publikoaren nahasmendua ikusita.
Manifestariek Turkiako banderak zeramatzaten, eta Ankarako Gobernuaren aldeko oihuak bota zituzten. Gainera, ibilgailuen zirkulazioa eten zuten, errepideak eta gurutzeak oztopatuz, eta petardoak, suziriak eta piroteknia materiala jaurti zuten.
Beste talde batzuek ere egin zituzten bilkurak Amsterdamgo beste leku batzuetan, baina modu baketsuan, Hagan egin zuten bezala, eta ez zen arazorik izan.
Mark Rutte Holandako lehen ministroak lasaitasunerako deia egin zien herritar turkiar-holandarrei, aurreko goizaldean Rotterdamen gertatutako liskarrak errepika ez daitezen.
Gutxienez 12 pertsona atxilotu zituzten protesta horretan, eta agente bat zauritu zen Poliziak bilkura desegiten saiatu zenean, ur-kanoiak eta txakurrak erabilita.
Holandako agintariek galarazi zioten Mevlüt Cavusoglu Turkiako Kanpo Arazoetarako ministroaren hegazkinari lur hartzen. Fatma Betül Sayan Kaya Familia Arazoetarako ministroa Holandatik Alemaniara bidali zuten.