Mundua -
Gatazka
Erasoek ez dute etenik Sirian, guda hasi zela sei urte bete ostean
Siriako gudaren ondorioz, 321.000 pertsona hil dira eta 12 milioi siriarrek herrialdetik ihes egin behar izan dute.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez bederatzi pertsona hil dira gaur Siria iparraldean, Idleb eta Maarat al Masriyin hirietan egindako bonbardaketetan, Giza Eskubideen Siriako Behatokiak aditzera eman duenez.
Hildako gehien Idleben izan dira, izen bereko probintziako hiriburuan, hain zuzen ere. Antza denez, Errusiako hainbat hegazkinek bi eraso egin dituzte Al Qusur eremuan, eta gutxienez lau adingabe eta lau emakume hil dira.
Gaur, 2017ko martxoaren 15ean, sei urte bete dira Baxar al-Asad presidentearen aurkako herri-errebolta hasi zela. Siriako gudan 321.000 pertsona hil dira, oraingoz, eta 12 milioi siriarrek alde egin behar izan dute, Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera.
2016an hil ziren ume gehien Siriako gatazkan. Unicef erakundeak azaldu duenez, iaz egiaztatu zituzten hilketa, mutilazio eta errekrutatu gehien: 652 haur hil zituzten, 2015ean baino % 20 gehiago; horietatik 255, eskola batean edo eskola batetik gertu. Beste 850, berriz, borroka egiteko errekrutatu zituzten, 2015ean bildutakoen bikoitza. Zenbait kasutan, gainera, hiltzaile bihurtzeaz gain, terrorista suizidak edo kartzelariak izatera behartu zituzten.
Siriako oposizioak bat egingo du gaur Astanako negoziazioekin
Bestalde, Siriako oposizioaren ordezkaritza gaur gauean iritsiko da Astanara, herrialde arabiarreko gatazkarekin amaitzeko abiatutako bake-elkarrizketekin bat egiteko, Anuar Zhainakov Kazakhastango Kanpo Harremanetarako bozeramaileak Efe agentziari esandakoaren arabera.
"Oposizioaren hegoaldeko eta iparraldeko armadetako ordezkariak gaur gauean iritsiko dira", erantsi du Zhainakovek, astelehean bertara ez zirela joango esan bazuten ere.
Amnistia Internazionalak Siriako gudako biktimei justizia egitea eskatu
Amnistia Internazionala erakundeak kanpaina berezia ipini du martxan, Siriako gudaren seigarren urteurrena dela eta. Munduko buruzagiei ekimenak eskatu dizkie, biktimei justizia, egia eta erreparazioa bermatzeko.