Mundua -

Institutuan

Zortzi zauritu Frantziako institutu batean izan den tiroketan

Fusil bat, bi arma labur eta bi granada zeramatzan erasotzaileak. Poliziak atxilotu egin du.

Zortzi zauritu Grasse herrian izan den tiroketaren ondorioz. Argazkia: EiTB
Zortzi zauritu Grasse herrian izan den tiroketaren ondorioz. Argazkia: EiTB
Frantziako institutu batean jazotako tiroketaren egilea atxilotu dute

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zortzi pertsona zauritu dira ostegun honetan, Frantzia hegoaldean dagoen Grasse herriko lizeoan jazo den tiroketan baten ostean. 17 urteko nerabe bat, aurrekari penalik gabekoa, atxilotu du poliziak gertakarien usteko egiletzat. Hala eman dio jakitera Pierre-Henry Brandet Barne Ministerioko bozeramaileak BFM telebista-kateari.

Le Monde egunkariaren esanetan, atxilotua ikastetxeko ikasle bat da, eta fusil bat, bi errebolber eta bi granada zeramatzan.

Ustezko erasotzailea ikastetxera heldu eta Alexis de Tocqueville lizeoko zuzendaria tirokatu du, BFM katearen arabera. Hedabide berak zabaldu duenez, atxilotua Grasseko zinegotzi baten semea da; alabaina, oraindik ez da nor den jakitera eman. Adingabea Grasse bertako polizia-etxean dago.

Hiru pertsona (bi ikasle eta ikastetxeko zuzendaria) tiroketaren eragin zuzenaren ondorioz zauritu dira, eta ospitalera eraman behar izan dituzte. Gainerako beste bostek, berriz, tiroen ondorioz sortu den nahaspilan hartu dute min.

Institutuko ikasle guztiak ebakuatu egin dituzte, baina batzuek bere kabuz ihes egin dute tiroak entzun dituztenean. Horrez gain, hezkuntza-agintariek Grasseko ikastetxe guztiak itxi dituzte prebentzio-neurri gisa, baina dagoeneko neurri hori indargabetuta geratu da.

Bitartean, Frantziako poliziako talde berezia (Raid) Grassera bertaratu dira, eta gunea arakatu dute arrisku gehiago egon ote daitekeen baztertzeko.

Hollandek erasoaren izaera terrorista baztertu du

François Hollande Frantziako presidenteak baztertu egin du Grassen jazotako tiroketak izaera terrorista duenik; alabaina, zabalik dagoen ikerketak gertaeraren nondik norakoak argituko dituela gaineratu du.

Bere aldetik, Christian Estrosi Provence-Alpes-Côte d'Azur eskualdeko presidenteak (Grasse bertan dago kokatuta) zabaldu duenez, ikastetxeko zuzendarirekin hitz egin du, eta ondo dagoela azaldu du. "Armekin zebilen ikasle baten berri eman diotela kontatu dit, eta berarengana hurbildu dela hura lasaitzeko asmoz, baina ez duela lortu", adierazi die gertaeraren tokian bertan hedabideei.

Armekin liluratutako ikasle bat

Nadjat Vallaud-Belkacem Frantziako Gobernuko Hezkuntza ministroak azaldu duenez, tiroketa horren egilea “suzko armekin liluratutako ikasle bat” izan da. Lau pertsona zauritu dira, eta beste hamar bertan artatu dituzte, nahaspilaren ostean.

17 urteko nerabe bat izan da eraso horren egilea. Ikastetxe horretako ikaslea da eta bere familia oso ezaguna da hirian. Bertako irakasle batzuen arabera, bere ikaskideekin arazo ugari zituen gazteak, baina argi utzi dute ez duela inolako loturarik erakunde terroristekin.

Era berean, Hezkuntza ministroak heroitzat hartu du ikastetxe horretako zuzendariak izan duen jarrera, nerabeari aurre egin diolako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia bideoak Eguneko albisteak