Mundua -
Araudi berria
Bidaiariek tablet eta ordenagailuak eskuan izatea galaraziko du AEBk
Debekuak batez ere Ekialde Hurbileko aire-konpainiei eragingo die. Gailuak hegazkineko sotoan eraman ahalko dira.
Agentziak | Erredakzioa
12 airelineatako bidaiariei eragingo dien araudi berria onartzekotan daude AEBko agintariak. Horren arabera, bidaiariek ezingo dituzte telefono mugikorrak baino handiagoak diren gailuak (tabletak eta ordenagailu eramangarriak, kasu) kabinan eraman. Albistea Reuters agentziak eman du, AEBko Administrazioko iturriak aipatuta.
Barne Segurtasuneko Departamentuak gaur bertan iragarriko omen du debekua, eta "duela aste batzuk atzemandako mehatxu terroristari aurre egiteko da". AEB helmuga duten 12 airelineatako hegazkinetan ezingo dira gailuak kabinan eraman, eta sotoan gorde beharko dira.
Debekuak batez ere Ekialde Hurbileko konpainiei eragingo die; Jordaniakoei edo Saudi Arabiakoei, besteak beste. AEBko konpainietan, ordea, ez da eragozpenik izango horiek eramateko.
Iturrion arabera, John Kelly Segurtasun idazkariak joan den astean eman zien egitasmo horren berri Kongresuko kideei.