Mundua -
Abenduan hasi ziren
78 hildako eta 100.000tik gora kaltedun, Peruko uholdeetan
Herrialdeak 1.000 milioi dolar inguru bideratuko ditu suntsitutakoa berreraikitzeko lanetarako.
agentziak
Aurreko abenduan Perun hasi ziren uholdeek 78 hildako eta 101.104 kaltedun eragin dituzte, eta 643.216 pertsonari eragin diete, Larrialdien Operazio Zentro Nazionalak zabaldutako azken txostenaren arabera.
Agirian abenduan eurite sasoia hasi zenetik zenbatu dituzten kalteak jaso dituzte eta, dioenez, 141.149 etxebizitza ere kaltetu dituzte denboraleek.
Biktima gehienak Piura, Lambayeque, La Libertad eta Ancash mendi inguruko eskualdeetakoak dira. Liman, aldiz, sei hildakoa, 4.972 kaltedun izan dira. Horiez gain, hiriburuan ere, euriteek 17.570 laguni eta 7.153 etxebizitzari eragin diete.
Txostenean adierazi dutenez, mantendu egin dute alerta egoera, zenbait eskualdeetan ibaiek gainezka egiteko arriskua dagoelako. Gainera, 23 portu itxi dituzte, kostalde perutarrean sortzen diren ezohiko olatuengatik.
Bestalde, Hezkuntza Ministerioak bertan behera utzi du ikasketa zentroetako jarduera Limako metropoli-barrutian, datorren astelehenera arte.
Pedro Pablo Kuczynski Peruko presidentea herrialdeko iparraldera joan da, gehien kaltetutako guneak ikusteko eta Trujillo eta Piurako Eskualdeko Larrialdien Operazio Zentroetako ordezkariekin biltzeko.
Venezuelak orain dela gutxi iragarri du laguntza bidaliko duela. Beste herrialde batzuek bidali egin dute dagoeneko, esaterako, Kolonbiak, Ekuadorrek, Txilek eta Paraguayk. Datozen orduotan, Argentinak, Brasilek eta Uruguayk ere bat egingo dute elkartasun olatuarekin.
Kuczynskik orain dela egun batzuk adierazi zuenez, Gobernuak "2.500 milioi sol (764 milioi dolar) prest ditu, kaltetutako guneak berreraikitzeko lanetarako".
Presidente perutarraren arabera, beste 1.500 milioi sol (458 milioi dolar) bideratu dituzte aurrekontuetara, hondamendi naturalak eragindako larrialdi egoeragatik, eta 1.000 milioi solekoa (305 milioi dolar) zen lehen".