Mundua -

Ekitaldia

Abian da Europar Batasunaren 60. urteurrena ospatzeko goi-bilera

Segurtasun-neurri zorrotzak ezarri dituzte Erroman, erdigunea guztiz blindatzeaz gain.

EBren 60. urteurrenaren goi-bilera Erroman. EFE
EBren 60. urteurrenaren goi-bilera Erroman. EFE
EBren 60. urteurrenaren goi-bilera Erroman. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko (EB) kide diren 27 Estatu edo Gobernuk, Erresuma Batuak izan ezik, Erromako Itunaren 60. urteurrena ospatzen ari dira gaur Italiako hiriburuan. Horrez gain, bloke komunitarioaren etorkizunari buruzko adierazpena sinatuko dute.

Paolo Gentiloni Italiako lehen ministroak, Joseph Muscar Maltako presidenteak (EBko txandakako presidentea) eta Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak Campidoglion hartu dituzte goi-bileran parte hartuko duten agintariak, hiriko udaletxeko egoitzan.

Ondoren, 10:00etan abiatu da ekitaldia. 11:45ean (10:45 GMT), EBren etorkizuna aztertzeko eta balantzea egiteko adierazpena sinatuko d ute, parte-hartzaileei bidalitako gutunean zehaztu duten moduan.

Taldeko argazkia atera eta gero, prentsaurrekoa eskainiko du Paolo Gentiloni lehen ministro italiarrak. Halaber, Europako Batzordeko presidenteak (Jean-Claude Juncker), Europako Kontseiluko presidenteak (Donald Tusk) eta Europako Parlamentuko presidenteak (Antonio Tajani) ere agerrialdian parte hartuko dute.

Jarraian, Sergio Mattarella Italiako presidenteak bazkaria antolatu du buruzagientzat Quirinale jauregian, Estatuko Buruzagitzaren egoitzan.

"Europaren aldeko Martxa"

Koliseoaren parean egingo duten "Europaren aldeko Martxa"rekin amaituko dute eguneko egitaraua, eta 5.000 bat pertsona izatea aurreikusi dute, integrazio komunitarioaren aldeko proiektua babesteko.

Hala, Erromako Itunaren 60. urteurrena gogoratuko dute. Alemania Federala, Belgika, Frantzia, Italia, Luxemburgo eta Herbehereak herrialdeek Europako Ekonomia Erkidegoa eta Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa sortu zituzten, egungo EBren enbrioiak.

Segurtasun-neurri bereziak

Segurtasun-neurri zorrotzak ezarri dituzte hirian: erdigunea blindatzeaz gain, 7.000 militar eta polizia ari dira eremu turistikoak eta azpiegiturak zaintzen. Gainera, istiluen aurkako agenteak, frankotiratzaileak eta suhiltzaileak ere prest egongo dira.

Mehatxu terrorista arindu ez ezik, Erroman antolatutako sei manifestazioetan gerta daitezkeen listarrak ekidin nahi dituzte agintariek.

Ostiralean hasi zen 60. urteurrena ospatzeko egitaraua, aita santuak Vatikanon 27 herrialdeetako agintariei egindako harrerarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Batasun europarra Eguneko albisteak