Mundua -
Hauteskundeak
Morenok irabazi ditu hauteskundeak Ekuadorren, botoen % 51,12 lortuta
Guillermo Lasso oposizioko hautagaiak inpugnatu egingo ditu emaitzak, hautetsontzietan egindako galdeketa batek 8 puntuko aldea ematen ziola argudiatuta.
Agentziak | Erredakzioa
Lehen datu ofizialen arabera, Lenin Moreno Alianza PAIS alderdiko hautagaiak irabazi ditu Ekuadorreko presidentetzarako hauteskundeak, botoen % 51,12 lortuta.
Guillermo Lasso CREO mugimenduko hautagaiak, berriz, botoen % 48,88 lortu ditu, Hauteskunde Kontseilu Nazionalaren esanetan.
"Ekuadorrek parte hartzea eta demokrazia erakutsi dio munduari", adierazi du Juan Pablo Pozo Hauteskunde Kontseilu Nazionaleko presidenteak. "Emaitzak errespetatzea botoa askatasun osoarekin eta modu demokratikoan eman duten herritarrak errespetatzea da", gaineratu du.
Moreno zen faborito nagusia, otsailaren 19an egindako lehen itzulian ia irabazi egin zuelako.
Lenin Morenok "guztion presidentea" izango dela eta "historiako gobernurik garbiena" izango duela aldarrikatu du Twiterren, emaitza ofizialen berri zabaldu ondoren egindako lehen adierazpenetan. "Bihotza eskuan, bakean eta harmonian bozkatzera joan zareten guztioi eskertu nahi dizuet. Guztion presidentea izango naiz eta zuek lagunduko didazue", esan du.
Emaitzak inpugnatu egingo dituela iragarri du Lassok
Ekuadorreko hauteskundeetako emaitzak inpugnatu egingo dituela aurreratu du oposizioko alderdiko (CREO) hautagaiak.
Hautetsontzietan egindako galdeketa batean Lenini zortzi puntuko aldea atera ziola argudiatu du, emaitza ofizialek normala ez den zerbait gertatu dela erakusten dutela adierazi du.
Lassoren aburuz, "ez da posible otsailaren 19an emaitzak jakiteko lau egun behar zituztela esatea, eta orain, ordea, 20 minutuan, sistema itzali zela esan eta gero, botoen % 90 zenbatzea, hain denbora gutxian".
Morenoren garaipena "aberri handiarentzat albiste bikaina" dela esan du Correak
Rafael Correa Ekuadorreko presidentearen iritziz, "aberri handiarentzat albiste bikaina" da Lenin Morenok presidentziarako hauteskundeak irabazi izana.
Bestalde, Quito hiriburuan eta Esmeraldas, Ibarra eta Azogues hirietan izandako "indarkeria" salatu du.