Mundua -

Siria

Ehunka lagun hil dituzte Sirian, arma kimikoekin egindako eraso batean

Nazio Batuen Erakundeak Jan Shijun hirian izandako bonbardaketa "lazgarriaren" egilea nor izan den argitzeko ikerketa ireki du. Momentuz ez dute baieztatu erasoan erabilitako gas mota.

Siria
Siria
Bonbardaketa kimikoa iparraldeko Idleb probintzian

1:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jan Shijun hirian (Siria iparraldean) astearte honetan izandako ustezko eraso kimikoan gutxienez 100 pertsona hil eta 400 lagun zauritu dituzte -gehienak emakumeak eta haurrak, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak emandako datuen arabera. Arma kimikoekin egindako bonbardaketa hori matxinatuen kontrolpean dagoen Idlib eskualdean izan da.

Erakunde horrek Siriako sendagile elkarte bat azaldu duenez, bonbardaketaren ondoren ehunka zauritu oka egiten ibili dira kalean, arnasa hartzeko zailtasunarekin eta asfixia zantzuekin. Siriako Giza Eskubideen Behatokiak ez du baztertu datozen orduotan hildako gehiago egotea, zauritu asko egoera oso larrian baitaude.

Momentuz, medikuek ezin izan dute baieztatu identifikatu gabeko hegazkinetatik jaurti dituzten obusek barruan zeramaten pozoitutako gas mota. Siria iparraldean dagoen Jan Shijun hirian 75.000 lagun inguru bizi dira, eta haietatik asko Hama probintziatik ihes egindakoak dira (Siriako Armada Askea izeneko miliziaren kontrolpean dagoena). Azken egunotan gisa horretako beste bonbardaketa batzuk izan dira Siria iparraldean.

Reuters berri agentziak aipatutako iturri militar batek ukatu egin du arma kimikoak erabili izana astearte honetan izandako eraso kimikoaren “aurretik ezta ondoren ere”.

Eraso kimiko “lazgarria”

Testuinguru horretan, Staffan de Mistura Nazio Batuen Erakundeak Sirian duen bitartekariak azpimarratu duenez, eraso kimiko “lazgarri” horren egilea nor izan den argitu arte nazioarteko erakundeak bere esku duen guztia egingo duela ziurtatu du. Astearte honetan Jan Shijun hirian izandako bonbardaketa horretan ehunka lagun hil dira eta 400 zauritu baino gehiago izan dira, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak emandako datuen arabera.

Siria Idlib eskualdean izandako bonbardaketaren ostean, arma kimikoak jaurti dituzten pertsonak epaitzeko eskatu du Siriako gatazkan izandako hilketak argitzeko ardura duen Nazioarteko Batuen Erakundearen Batzordeak.

“Batzordea gaur izandako bonbardaketaren nondik norakoak argitzeko lanean ari da jada, arma kimikoen ustezko erabilera barne, eta hiri horretako erietxeko inguruan izandako beste erasoa”, azpimarratu du NBEk ohar batean.

“Oraindik ez dugu goizean gertatutakoaren inguruan baieztapen ofizialik lortu”, adierazi du Stafan de Mistura, Nazio Batuek Siriarako duten bitartekariak. Ildo horretatik, erasoaren nondik norakoak argitzeko NBEk laguntza eskatuko duela iragarri du.

Gauzak hórrela, pozoitutako gas kimikoa airetik jaurti dutela baieztatu du NBEren bitartekariak. “Oso lazgarria izan da hemen gertatutakoa. Orain arte ikusi ditugun argazki eta irudiek argi uzten dute guztia”, azaldu du.

NBEko Segurtasun Batzordeak bilkura egingo du asteazken honetan

Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Batzordeak ezohiko bilera egingo du asteazken honetan, Jan Shijun hirian ustez arma kimikoekin izandako erasoaren inguruan hitz egiteko, Nikki Haley AEBko enbaxadoreak jakitera eman duenez.

Zehazki, Frantziak eta Erresuma Batuak egindako eskaeraren ondoren hartu dute Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordean arma kimikoen erabilerari buruz hitz egiteko ezohiko bilera hori egitea.

Segurtasun Batzordeak gai-zerrendan Sirian arma kimikoak erabiltzearen inguruan asteazken arratsaldean eztabaidatzea aurreikusita zuen arren, Jan Shijun hirian izandako bonbardaketaren ondoren ezohiko bilera deitu dute goizeko lehen ordurako.

Beste alde batetik, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak gogoratu duenez, edozein motatako arma kimikoa erabiltzea nazioarteko araudiaren kontra doa.

Zerikusirik ez duela esan du Siriak

Goi-kargudun iturri militar batek ziurtatu duenez, Siriako eta Errusiako Armadek ez dute inolako loturarik izan  Siria iparraldean izandako erasoarekin. “Adierazpen horiek faltsuak dira eta ez dute zentsurik. Siriako hegazkinek ez dute inoiz arma kimikoak erabili terrorismoari aurre egiteko orduan, ezta errusiarrek ere”, gaineratu du. Ildo horretatik, haien helburua soilik terroristei aurre egitea dela azpimarratu du.

Era berean, erakunde terroristek haien helburuetan kale egin duten bakoitzean armadari pozoitutako gasa erabili izana leporatu diela nabarmendu du iturri militar horrek.

Siriako Indar Armatuaren ustez, terroristek haien huts egiteak arrazoitzeko erabiltzen dituzte adierazpen horiek. Horrenbestez, herritarren kontra arma kimikoak erabiltzen dituzten bakarrak haiek direla ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Gaurko azken orduko albistea Siria albisteak gaur