Mundua -

Latinoamerika

Venezuelako Parlamentuak Goreneko epaileen kargugabetzea aktibatu du

Ganberaren eskumenak hartzeko epaiak egiteagatik, eta herrialdeko "konstituzio ordena haustearen arduradunak" izateagatik hasi da prozesua.

Venezuelako Parlamentua. Argazkia: EFE
Venezuelako Parlamentua. Argazkia: EFE
Venezuelako Parlamentua. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelako Parlamentuak Auzitegi Goreneko zazpi epaileen kargugabetzearen prozedura aktibatu du. Horiek dira Ganberaren eskumenak hartzeko epaiak egin zituztenak, eta herrialdeko "konstituzio ordena haustearen arduradunak" izatea egotzi diete.

Oposizioko diputatu Juan Miguel Matheusek aurkeztu zuen proposamena, eta azaldu duenez, gaurko eztabaidarekin ez zen epaileen kargugabetzea gauzatzen, baizik eta prozesua hasi. Venezuelako Konstituzioaren arabera, Herritarren Boterearen bermea behar da horretarako, eta instantzia horrek Gorenak konstituzio ordena hautsi izana ezeztatzen du.

Botere legegilearen eta judizialaren arteko egungo gatazkak 2015eko abenduko hauteskundeetan du jatorria. Horietan, oposizioak gehiengoa lortu zuen, Hugo Chavez orain dela hamarkada bat baino gehiago presidente atera zenetik lehenengoz.

Hauteskunde horien ostean, Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen oposizioko hiru diputaturen (Julio Ygarza, Nirma Guarulla eta Romel Guzamana indigenak) kargu-hartzea, hauteskunde iruzur salaketa batzuk ikertu arte. Nolanahi ere, Asanbleak epaia desobeditu zuen, eta hiru diputatuek kargua hartu zuten.

Hori dela eta, 2016ko urtarrilaren 5ean "desobeditzea" egotzi zion Gorenak Ganberari. Hiru diputatuek karguetan jarraitzen zuten bitartean, Ganberaren erabakiak baliogabekoak izango zirela ere abisatu zion.

Hiru diputatu horien egoera gai garrantzitsu da; izan ere, hiru ordezkari horiekin, oposizioak Ganberako bi herenen gehiengoa izango luke. Botere eta atribuzio berriak eskainiko zion horrek, besteak beste lege organikoak onetsi edo baztertzeko, Konstituzioa erreformatzeko eta Auzitegi Goreneko epaileak aldatzeko.

Chavismoak "Parlamentuaren Estatu kolpea" dela uste du

Venezuelako Parlamentuko chavismoaren buru den Hector Rodriguezek "Parlamentuaren Estatu kolpea" izendatu duenaren kontra manifestazioa deitu du ostegunerako.

Rodriguezen arabera, Parlamentuak "ez du botererik" epaileak kargugabetzeko. Konstituzioaren arabera, Herritarren Boterearen bermea eta Ganberako kideen bi heren behar ditu horretarako, eta aitortu duenez, oposizioak ez du hori lortuko.

Aurten 43 hildako eta zauritu eta atxilotu asko eragin zituzten Gobernuaren kontra egin ziren protestak aipatuta, "2014an bizi genituen epe gogorrak berriro ez bizitzeko Estatuaren autoritatea erabiltzea" eskatu dio diputatuak Venezuelako presidenteari, Nicolas Madurori, eta horren Gobernuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Eguneko albisteak Venezuela albisteak Latinoamerikako azken ordukoa