Mundua -

Turkia

Turkiako erreferenduma 'ez da demokratikoa izan', behatzaileen arabera

Nazioarteko ikuskariek irregulartasunak atzeman dituzte eta oposizioak erreferendumaren emaitza inpugnatu du. Hala ere, Erdoganek ez ditu kritikak onartu eta erreformak abiatuko dituela esan du.

Recep Tayyip Erdoganen agerraldia bere jarraitzaileen aurrean. Argazkia: EFE
Recep Tayyip Erdoganen agerraldia bere jarraitzaileen aurrean. Argazkia: EFE
Recep Tayyip Erdoganen agerraldia bere jarraitzaileen aurrean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cezar Florin Preda Europako Kontseiluko Batzar Parlamentarioaren ordezkaritzaren buruaren esanetan, igandean Turkian Konstituzioaren erreformaz egindako erreferendumak "ez zituen Europako Kontseiluaren oinarriak bete". Era berean, "kontsulta egiteko erabilitako legedia ez da aproposa guztiz demokratikoa den prozesu batentzat”, gaineratu du.

Bestalde, Tana de Zuluetaren aburuz (OSCEk Erakunde Demokratikoentzat eta Giza Eskubideentzat duen Bulegoak erreferenduma behatzeko bidalitako taldeko burua), "herrialdearen larrialdi egoera dela eta, prozesu demokratiko batek behar dituen oinarrizko eskubideak mugatuta daude". Hori dela eta, "alderdi politikoek ez dituzte aukera berdinak izan hautesleei ikuspegia helarazteko".

Halaber, nazioarteko behatzaileen arabera, galdeketaren "legedia ez da aproposa erabat demokratikoa izan behar duen prozesu batentzat", nahiz eta Turkiako Hauteskundeetarako Batzorde Nagusiak neurriak hartu.

Erdoganek entzungor egin die kritikei

Recep Tayyip Erdogan presidenteak agerraldia egin du arratsaldean, eta Turkiak nazioarteko ikuskarien txostena ez duela aintzat hartzen azpimarratu du.

Behatzaileek "euren lekua zein den jakin beharko lukete", erantsi du.

Erreferendumari dagokionez, baietzak irabazi duenez, "eztabaida amaituta" dagoela esan du. Hortaz, orain onartutako erreformak indarrean jartzeko unea dela adierazi du, justizia sistematik hasita.

Ildo horretan, berretsi egin du Europar Batasunean sartzeko negoziazioarekin jarraitu ala ez erabakitzeko galdeketa egingo duela.

Heriotza-zigorra berriro legeztatzeko (2004an abolitu zuten) aukera ere erreferendumera eramateko asmoari eutsi dio.

Bestalde, Turkiako Gobernuak iragarri du uztailaren 15ean izandako estatu-kolpe saiakeraren ondotik ezarritako larrialdi-egoera beste hiru hilabetez luzatzea erabaki duela.

Turkiako oposizioak inpugnatu egin ditu emaitzak

Turkiako Konstituzioa erreformatuta, Recep Tayip Erdogan presidenteari botere gehiago ematea ahalbideratzen duen erreferendumaren emaitzak bertan behera uzteko eskatu du Bulent Tezcan CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoko presidenteordeak —Turkiako oposizioko alderdi nagusia—. Igandeko erreferendumean "iruzurra" izan dela uste du Tezcanek, eta Estrasburgora, Giza Eskubideen Europako Auzitegira, joateko prest agertu da, hori salatzeko.

Tezcanen hitzetan, hainbat herritarrek ezin izan dute pribatutasunez bozkatu, eta boto kontaketa ez dute modu publikoan egin.

Kritikarik zorrotzena, halere, Hauteskundeetarako Batzorde Nagusiaren erabakiari egin dio oposizioko alderdi nagusiak, zigilu ofiziala ez zuten botoak onartu baititu. Oposizioko buruaren ustez, "manipulazioak" egon litezke, "botoak kanpotik ekar daitezkeelako".  "Ez da legezkoa", salatu du.

"Oraingoz ezin dugu jakin zenbat boto zeuden, eta zenbat zigilatu zituzten gerora. Hori horrela, eztabaida argituko duen erabaki bakarra emaitzak bertan behera uztea da ", esan du Tezcanek.

CHP alderdiaren kideak azaldu duenez, hauteskundeen udal batzordeen eta Batzorde Nagusiaren aurrean aurkeztuko dituzte helegiteak. Beharrezkoa bada, Turkiako Auzitegi Konstituzionalera eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira ere joko dutela iragarri du Tezcanek.

HPD Herrien Alderdi Demokratak ere (kurduak) emaitzak inpugnatuko dituela iragarri du; botoen bi heren, gutxi gorabehera. "Eskura ditugun datuen arabera, iruzurra % 3-4koa izan da", esan du alderdiak Twitterren duen kontuan.

Erdogan, ia botere ororen jabe

Turkiarren % 51,2 azaldu da Erdogani botere gehiago ematearen alde, eta % 48,8, kontra. Herritarren babes horrekin, 2019an Konstituzioaren erreforma egingo du Gobernuak, eta hala, 2029ra arte izan liteke gobernuburu. Horrez gain, lehen ministro kargua kenduko du Erdoganek, eta bere esku geratuko da botere exekutiboa ere.

Erreformaren eta Erdoganen aldekoek defendatu dutenez, aldaketa horri esker "herrialdea egonkorrago eta ekonomikoki indartsuago" izango da.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gaurko azken orduko albistea Turkia berriak