Mundua -
Krisia
Venezuelako oposizioak protestak errepikatzeko deia egin du gaurko
Bestalde, Poliziak gizonezko bat atxilotu du atzoko manifestazioetan tiroz hildako 23 urteko emakume baten hiltzailea delakoan.
agentziak | erredakzioa
MUD Venezuelako oposizioko alderdiak manifestazioak deitu ditu gaurko ere Caracasen, Herriaren Defendatzailearen egoitzaraino iristen saiatzeko, atzo Poliziak galarazi ostean. Liskar handiak izan ziren Venezuelako hiriburuan, eta 3 lagun hil ziren eta 500 atxilotu zituzten.
Henrique Capriles oposizioko buruzagi eta Mirandako gobernadoreak prentsaurreko batean iragarri du manifestazioak atzoko leku eta ordu berean errepikatuko direla gaur, ibilbide eta helmuga berarekin.
Caprilesek azaldu du atzo 150 pertsona zauritu zirela guztira, horietako batzuk larri, eta 500 lagunetik gora atxilotu dituztela, istiluetan parte hartu izana egotzita, gobernuz kanpoko erakunde batek emandako datu batzuen arabera.
Bestalde, Caracasen bertan, Gobernuaren aldeko milaka lagun elkartu ziren "aberriaren defentsan". Kasu horretan, mobilizazioa arazorik gabe amaitu zen, eta, Maduroren esanetan, "eskuindarren" ustezko asmo kolpistak "garaitu" zituzten.
Gazte baten hiltzailea atxilotu dute
Tarek William Saab Venezuelako Herriaren Defendatzaileak iragarri du San Cristobalen hildako emakumearen hiltzailea atxilotu dutela. "Ivan Alexis Pernia Perez atxilotu dugu, Paola Ramirez Gomez gaztearen ustezko hiltzailea", adierazi du sare sozialetan, eta hiltzaileak krimena aitortu duela gaineratu du.
Saaben ustez, hilketa "gorrotagarria" izan da. "Kasu honetan, eta behar den bezala salatutako guztietan, ikertzeko eta errudunak zigortzeko borondate osoa dugu", azpimarratu du.
Paola Ramirez Gomez 23 urteko emakumea San Carlos plazan hil zuten, eta talde armatu bat osatzen zuten kideetako batek egin omen zion tiro.
San Bernardino Caracasko barrutian, Carlos Jose Moreno Baron 17 urteko mutikoa hil zuten, buruan tiroa jota.
San Clemente Barrios Neomar Venezuelako Armadako sarjentua, berriz, frankotiratzaile batek hil omen zuen.