Mundua -
Frantziako hauteskundeak
6 lagun zauritu eta 29 atxilotu dira emaitzen kontrako protestetan, Parisen
Komunikabideen arabera, guztira 40 manifestazio izan dira herrialdeko hainbat lekutan. Horietan ere istiluak izan dira, baina ez dute zehaztu atxilotuen kopurua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sei pertsona zauritu dira, horietatik hiru poliziak dira, Frantziako hauteskundeetako lehen itzuliaren emaitzen kontra Parisen egin dituzten protestetan. 29 pertsona atxilotu dituzte, Poliziako Prefeturaren arabera.
Ultraeskuineko Marine Le Pen eta Emmanuel Macron sozioliberala bigarren itzulira igaro izana eragin dituzten protestetan parte hartu duten manifestari gehienak Bastilla eta Errepublika plazetan bildu dira. Bigarren itzulia maiatzaren 7an izango da.
Mugimendu antifaxistak eta antikapitalistak deitutako protestetan, "barrikadak" jarri nahi zituzten, politikarien jokabidea salatu eta "beste mundu bat" sortzeko nahia erakusteko.
Protesta 18:00etarako (16:00 GMT) deitu zuten, hauteslekuak itxi baino bi ordu lehenagorako. Istiluak Ekonomia ministro ohiaren eta Fronte Nazionaleko buruaren garaipena iragartzen hasi direnean hasi dira, eta suziriak bota eta autoetan eta erakusleihoetan kalteak eragin dituzte.
Lyonen, Bordelen, Grenoblen eta Tolosan ere egin dituzte protestak. Komunikabideen arabera, guztira 40 manifestazio izan dira Frantziako hainbat lekutan, eta horietan ere izan dira istiluak, baina Poliziak ez du zehaztu zenbat pertsona atxilotu dituzten.