Mundua -
2015eko urtarrilean
10 atxilotu 'Charlie Hebdo'ren kontrako atentatuarekin zerikusia dutelakoan
Frantziako komunikabideen arabera, atxilotuek eman zizkioten armak Amedy Coulibaly erasotzaileari. Astekariaren kontra egindako atentatuaren ostean, polizia bat hil zuen terroristak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Astelehenetik hamar pertsona atxilotu dituzte Frantzian eta Belgikan 2015eko urtarrilean Charlie Hebdo aldizkariaren, supermerkatu judu baten eta polizia baten kontrako atentatuak egin zituzten terroristei armak ematea egotzita.
Frantziako komunikabideen arabera, atxilotu dituzten horiek eman zizkioten armak erasotzaileetako bati, Amedy Coulibalyri. Astekariaren kontrako atentatua egin eta ordu batzuetara, biharamunean, Paris hegoaldean, Montrouge udalerrian, polizia bat hil zuen terrorista horrek.
2015eko urtarrilaren 9an, Polizia Charlie Hebdo astekariaren egoitzan sarraskia egin zuten bi egileak inguratzen hasi zenean, Coulibalyk Frantziako hiriburuko supermerkatu judu bateko bezeroak eta langileak bahitu zituen eta lau pertsona hil zituen, agenteek terrorista tirokatu baino lehen.
Coulibalyk zituen armen inguruko aztarnek Claude Hermantengana eraman zuen Polizia. Eskuin muturrarekin zituen harremanengatik ezaguna den mertzenario ohia, Hermant, galdekatu egingo dute berriro (espetxean dago), ikerketan datu gehiago azaldu baitira, BFMTV katearen arabera.
Sumarioaren arabera, Hemantek eta horren emazteak Eslovakiako enpresa bati erosi zizkioten lau Tokarev pistola eta Coulibalyk Hyper Cacher supermerkatuan egindako erasoan erabili zituen bi Kalashnikov fusilak.
Mertzenario ohiak ikertzaileei esan dienaren arabera, 2014an Lilleko Jendarmeriako agenteen informatzailea zen, eta arma trafikoko sareetan infiltratzea eskatu zioten.