Itxi

Mundua

Osasun sistema

AEBko Behe Ganberak oniritzia eman dio Trumpen osasun lege berriari

agentziak | erredakzioa

Hala eta guztiz ere, indarrean jartzeko Senatutik ere igaro beharko du, eta zailagoa dirudi pauso horrek.

1:16

AEBko Ordezkarien Ganberako gehiengo errepublikanoak Donald Trump presidentearen osasun lege berria onartu du, hainbat astetako barne negoziazioen eta bi aldiz porrot egin ostean. Barack Obamaren agintaldian onartutako legea bertan behera geratzea eta ordezkatzea da lege berriaren helburua.

Testuak aldeko 217 eta kontrako 212 boto jaso ditu. Hala ere, lege berria indarrean jartzeko Senatuak ere onartu behar du, eta hor zailagoa izango da.

Goi Ganberan errepublikanoek duten gehiengoa estuagoa da, eta senatari kontserbadoreak legearen aurka daude, beraz, "Obamacare" legea bertan behera uzteko asmoak oraindik ez du arrakastarik lortu.

Lege proiektuak, AHCA laburdurarekin ezagutzen denak, Obamacare delakoaren oinarrizko arauak baliogabetzen ditu, tartean osasun arreta jasotzeko diru-laguntzak, Medicaiden zabalkundea (baliabide urriko pertsonentzako) eta mediku aseguruak hedatzeko betebeharra.

Horien ordez, lege proiektu berriak aseguruak erosteko zerga kredituak aurreikusten ditu, baina diru-sarrera txikiak dituzten pertsonentzako laguntza murriztuko litzateke.

Kongresuko Aurrekontu Bulegoaren datuen arabera, 24 milioi estatubatuar asegururik gabe geratuko dira hurrengo hamarkadan gaur onartutako legearen aurretik zegoen proiektuarekin, eta gaurkoa are zorrotzagoa da.

Izan ere, Askatasunaren Caucusa ultrakontserbadoreek uko egin zioten lehenengo bertsioa onartzeari, eta horrek eragin zuen proiektuaren lehenengo porrota, bitan atzeratu behar izan baitzuten bozketa, Obamaren legea nahikoa aldatzen ez zuela iritzita.

Ultrakontserbadoreen presioaren eraginez, lege proiektu berriak ez ditu aseguru-etxeak gaixorik dauden pertsonei asegurua ematera behartuko, Obamacarek agintzen zuenaren kontra. Oso gai polemikoa izan da hori, eta ultrakontserbadoreen iritzia nagusitu da azkenean.

Litekeena da Behe Ganberatik igaro den lege proiektuari aldaketa nabarmenak egitea Senatuan, zuzenketak egin ostean.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena