Mundua -
Nigeria
Boko Haram talde jihadista nigeriarrak 82 neskato aske utzi ditu
Talde jihadistak 200 ume bahitu zituen 2014ko apirilean, Chibok hirian.
Agentziak | Redacción
2014ko apirilaz gero bahituta zituen 200 umeetatik 82 aske utzi zituen larunbatean Boko Haram Nigeriako talde jihadistak. Trukean, agintariek atxilotutako hainbat aktibista askatu dituzte, Nigeriako Gobernuak aditzera eman duenez.
"Gaur, Chibokeko 82 neska aske utzi dituzte. Denbora asko negoziatzen aritu ondoren, gure segurtasun agentziek neskato horiek askatu dituzte, agintarien esku zeuden Boko Haram taldeko hainbat susmagarri aske utzita", esan du Garba Shehu presidentearen bozeramaileak ohar batean. Ez dute zehaztu zenbat terrorista askatu dituzten.
Aurreikusitakoaren arabera, Muhamadu Buhari Nigeriako presidenteak hartuko ditu neskatoak, Abujan, bertako hedabideek jakinarazi dutenez.
Suitzako Gobernuak, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak, eta Nigeriako zein beste herrialde batzuetako hainbat antolakuntzak hartu dute parte neskak askatzeko negoziazioetan.
Chibok hiriko bigarren hezkuntzako ikasleak dira neskak. Banki hirian daudela azaldu du Al Jazeera kateak, Nigeria eta Kamerun arteko mugan.
2014ko apirilaz gero bahituta
2014ko apirilaren 14ean, 50 bat terrorista sartu ziren Chibok herrian, armatuta, eta zenbait eraikin publiko eta etxebizitzari su ematen hasi ziren. Ondoren, herriko ikasle-egoitzara joan eta neskatoak bahitu zituzten.