Mundua -
polizia-operazioa
Tren geltoki bat itxi dute goizaldean Parisen, hiru susmagarri bilatzeko
Hiru pertsona "arriskutsuren" bila izan dira. Gainera, Valenciennesetik (Belgikako mugaren ondoan) zetorren abiadura handiko tren bat ere jendez hustu dute, 200 pertsona barruan zeudela.
agentziak | erredakzioa
Parisko Gare du Nord (Iparraldeko Geltokia) tren-geltokia itxi dute goizalde honetan, 23:00etatik 02:00etara, polizia-operazio batean, hiru gizon susmagarri "arriskutsu" bilatzeko.
Polizia Prefekturak Twitterren argitaratutako mezu baten arabera, normaltasuna berreskuratzen ari da geltokia dagoeneko "egiaztatzen bukatu" ostean, baina agintariek ez dute azalpen zabalagorik eman operatiboaren inguruan.
Hainbat agente bertaratu dira eta geltokia ebakuatu dute. Ondoren, bidaiariak beste tren batera eraman eta bertan utzi dituzte, Le Parisien egunkariak zabaldu duenez.
Momentuz, ez dute zehaztu operatiboaren arrazoia, baina aipatutako hedabidearen arabera, , Valenciennesetik (Belgikako mugaren ondoan) zetorren abiadura handiko tren bat ere jendez hustu dute, 200 pertsona barruan zeudela.
Polizia, antza, hiru gizonen bila ari da, aurreko ostiralean "herrialde kide" batek hiruen perfila Barne Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi ostean.
Tren bateko langile batek eman zuen abisua aurreko ostiralean, ustez, hiru susmagarriak ikusi zituenean. Tren horrek atzo 23:10ean heldu beharra zeukan aipatutako geltokira, Le Parisienen arabera.