Mundua -
Inoizko operaziorik handiena
Hainbat bandatako 1.400 kide atxilotu dituzte AEBn, operazio handi batean
Atxiloketak sei astetan egin dituzte, eta droga, pertsona eta armekin trafikatzea, gizahilketa eta pertsonekin trafikatzea prostituzioan behartzeko asmoz leporatu diete.
agentziak | erredakzioa
Azken sei asteetan, zenbait gaizkile-taldeko ia 1.400 kide atxilotu dituzte AEBn, Segurtasun Nazionaleko Departamentuak (DHS) inoiz egindako operaziorik handienean, hango Gobernuak atzo, osteguna, jakitera eman zuenez.
Zehatz-mehatz, 1.378 izan dira martxoaren 26 eta maiatzaren 6a bitartean atxilotutako lagunak, Estatu Batuetako zenbait estatutan, droga, pertsona eta armekin trafikatzea, gizahilketa eta pertsonekin trafikatzea prostituzioan behartzeko asmoz leporatuta, DHSen arabera.
"Bandak arriskutsuak dira gure komunitateen segurtasunerako, hiri handietan ez ezik, landa guneetan ere", esan zuen Thomas Goman Immigrazio eta Aduanen Kontrolerako Zerbitzuko zuzendariak, Washingtonen egindako prentsaurreko batean.
1.378 atxilotuetatik, 933 estatubatuarrak ziren eta 445 Hego Amerikatik, Zentro Amerikatik, Asiatik, Afrikatik, Europatik eta Karibetik etorritakoak.
Operazioan atzemandako armetako batzuk. Argazkia: EFE
Zehatz-mehatz, gehienak (249) mexikarrak ziren, ondoren Salvadorreko 72, Honduraseko 63, Guatemalako 19, Errepublika Dominikarreko 10, Kubako 4, Ekuadorreko 3, Costa Ricako 3, eta Kolonbiako eta Nikaraguako hiruna pertsona zenbatu dituzte. Gainerakoak, Brasil, Mauritania, Laos eta Jamaika herrialdeetan, besteak beste, jaiotakoak dira.
Segurtasun Nazionaleko Departamentuaren hitzetan, 1.378 atxilotuetatik 1.095ek zenbait banda edo gaizkile-taldeko kideak izatea deklaratu zuten; Bloods bandako 137, Sureños taldeko 118, Mara Salvatrucha taldeko 104 eta Crips bandako 104 kide atxilotu dituzte.