Mundua -
Libia
Beste 31 migratzaile hil dira Mediterranioan itota
500 pertsona zeramatzan itsasontzia Italiako kostara bidean zihoan, baina horietako 200 uretara erori dira.
agentziak |erredakzioa
Gutxienez 31 migratzaile, tartean dozena bat haur, hil dira gaur Italiako kostara bidean zihoan itsasontzi bat hondoratuta, Italiako Kostazainek jakitera eman dutenez.
Hondoratzea Mediterranioan gertatu da, Libiako kostatik 50 bat kilometrora, eta ontziak zeramatzan 500 migratzaileetako 200 erori dira uretara. Ontziak olatu baten kolpea jaso duenean ehunka bidaiari uretara erori dira.
Kostazainek migratzaileetako batzuk erreskatatu dituzte, baita ontzian geratu direnak ere, baina 31 gorpu uraren gainean flotatzen zeuden.
Bestalde, migratzaileen bilaketa eta erreskate lanak egiten dituzten itsasontzi handiek 1.800 migratzaile erreskatatu dituzte bizirik gaur, hamar operaziotan.