Mundua -
Atentatua Egipton
28 pertsona hil dituzte autobus baten kontrako erasoan Egipton
Kristau koptoez betetako autobusa monasterio batera bidean zihoan, hamar bat gizonezko ibilgailuaren kontra tiroka hasi direnean. Egiptoko Armadak jihadisten bilguneak bonbardatu ditu Libian.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 28 pertsona hil eta beste 20 bat zauritu dituzte autobus baten kontrako Egipton egindako erasoan.
Hamar bat gizonezkok tiroka hartu dute kristau koptoez beteta zihoan ibilgailua, Al Aduan herrian, Minia probintzian (Egipto hegoaldea), EFE albiste-agentziak zabaldu duenez.
Erasoa desertuko errepide batean gertatu da, Al Adua herritik hurbil, autobusa San Samuel monasteriora bidean zihoanean.
Hiru edo lau autotan zihoazen hamar bat gizonezkok autobusa inguratu dute eta ibilgailuaren kontra tiroka hasi dira.
Atentatuan zauritutako lagunak inguruko ospitaleetara eraman dituzte. Hildakoen artean umeak ere omen daude.
Segurtasun indarrak erasotzaileen bila ari dira.
Oraingoz, inork ez du bere gain hartu atentatuaren ardura.
Egiptoren bonbardaketak Libian
Abdelgatah Al Sisi Egiptoko presidenteak Estatu Islamikoari leporatu dio erasoa, eta argi adierazi du ez duela "zalantza egingo terroristen entrenamendurako guneei eraso egiterako garaian".
Telebistaz emandako hitzaldi batean, agintariak jihadistak deuseztatuko dituela hitzeman du eta "Egipto barruan edo atzerrian" erasoak egiteko prest agertu da.
Hori esan eta ordu batzuetara, hegazkin egiptoarrek bonbardaketak egin dituzte Libian, talde "terroristen" bilguneetan.
MENA albiste agentziak zabaldu duenez, "guztiz" suntsitu dituzte "Majlis al Shura" eta "Muyahidin de Derna" taldeen ezkutalekuak.