Mundua -

Frantzia

Macronen ministro baten kontrako ikerketa abiatu dute, nepotismoa egotzita

Hauteskunde legegileen atarian, ikerketa eragozpena da Frantziako presidentearentzat, Richard Ferrand sozialista konfiantzazko gizona baita.

Ferrand, Eliseoko jauregira heltzen, maiatzaren 24ko argazki batean. EFE
Richard Ferrand. EFE
Ferrand, Eliseoko jauregira heltzen, maiatzaren 24ko argazki batean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brest hiriko (Frantzia ipar-ekialdea) Fiskaltzak ikerketa abiatu du Richard Ferrand Frantziako Lurralde Kohesiorako ministroaren kontra, nepotismoa leporatuta.

Fiskaltzak Twitterren azaldu duenez, "gertakariak aztertzeko elementuak biltzea eta delitu ote diren zehaztea dira" ikerketaren helburuak.

Ikerketa Emmanuel Macronen gobernuaren lehen itzala izan daiteke, Eliseora politika moralizatzeko heldu zela aldarrikatu baitu presidenteak. Ferrand sozialista konfiantzazko gizona izan du hasieratik politikari zentristak. Gainera, hauteskunde legegileen atarian —ekainaren 11n eta 18an egingo dituzte— heldu da ikerketa.

Hasiera batean, informaziorik ez zegoela argudiatuta, Ministerio Publikoak uko egin zion ikerketa abiatzeari. Azken egunotan presioa areagotzen joan da, ustelkeria politikoaren kontrako erakundeek salaketa aurkeztearekin mehatxu egin baitute.

2010ean jazo ziren ikertu beharreko gertakariak. Ferrandek zuzentzen zuen erakundeak, Bretainiako Mutualitateak, etxebizitza bat alokatu eta saldu zion emazteari.

Salmentan nepotismo delitua egin ote zen argitu behar du Fiskaltzak. Izan ere, etxea erosteko aukerarekin alokatu zuen emakumeak, eta 400.000 euroko —inbertsioaren % 100— mailegua eskuratu ahal izan zuen horregatik.

Kazetariek galdetu dioten arren, Macronek ez du gaur auziaren inguruko iritzirik eman nahi izan. Atzo, berriz, Ferrand babestu zuen, eta honakoa esan: "Komunikabideak epaile bihurtzen direnean okerreko bidetik goaz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Frantzia albisteak Gaurko azken orduko albistea Emmanuel Macron