Itxi

Mundua

Erasoa Parisen

Gizonezko batek mailu batekin eraso dio polizia bati Parisen

Agentziak | Erredakzioa

Notre Dameko katedralaren parean egin du erasoa, "hau Siriakoaren ordainetan" oihukatuta, eta Estatu Islamiko kide dela aldarrikatu du. Beste polizia batek tiroka aurre egin dio. Biak zaurituta daude.

Gizonezko batek mailu batekin eraso dio polizia bati Parisen, Notre Dame katedralaren parean, eta beste polizia batek tiroka aurre egin dio erasotzaileari, berri-agentziek zabaldu dutenez. Biak zaurituta daude.

Nolanahi  ere, Parisko Poliziaren prefekturak jakinarazi duenez, egoera "kontrolpean" dute jada.

"Egoera kontrolpean dugu; polizia bat zauritu da eta erasotzailea ospitalean dago, atxilotuta", adierazi du Poliziak Twitter bidez.

"Hau Siriakoaren ordainetan!" oihukatuta, erasotzailea katedraleko plaza zaintzeaz arduratzen diren agenteengana hurbildu da eta horietako bati mailuarekin jo dio buruan. Une horretan, beste polizia batek tiroka egin dio aurre.

Gerard Collomb Barne ministro frantziarrak azaldu duenez, erasotzailea gazte aljeriar bat da, baina oraindik haren nortasuna baieztatu gabe dago.

Mailuaz gain, sukaldean erabiltzen diren labanak antzeman dizkiote. "Segurtasun indarren aurkako erasoak etxeko tresna arruntekin egiten dituztela erakusten du horrek", erantsi du ministroak.

Lehendabiziko datuen arabera, bakarrik egin du erasoa, baina beste pertsona batzuen laguntza izan duen ikertzen ari dira orain.

"Polizia ondo dago, zauriak ez dira larriak. Bere kideak erasotzaileari aurre egin izan ez balio, ondorioak larriagoak izango lirateke", azpimarratu du Collombek.

Estatu Islamiko kide

Frantziako Poliziak bideo bat aurkitu du erasotzailearen etxean, eta Estatu Islamikoko kide dela esaten du bertan.

Grabaketa horretan, LCIk jakitera eman duenez, erasotzaileak "etorkizuneko ekintzak" aldarrikatu ditu.

Farid I. gisa identifikatutako gizona 1977an Aljerian jaiotako gizasemea da. 2014an iritsi zen Frantziara eta emakume suediar batekin dago ezkonduta.

Paris ipar-ekialdeko Cergy-Pontoise auzoan du bizilekua erasotzaileak, Poliziak ez zuen fitxatuta eta ez du aurrekari judizialik, aipatu iturrien arabera.

Gazteak estudio bat zuen alokatuta ikasle erresidentzia batean, eta Frantziako Polizia bertaratu egin da miatzera, baina ez du armarik eta lehergailurik aurkitu.

900 pertsona katedralean

Erasoa gertatu eta berehala polizia-operazioa jarri dute abian, eta ingurune horretara ez joateko deia egin diete herritarrei.

Notre Dameko katedralaren zabalgunea eta inguruko kaleak itxi egin dituzte, eta 100 polizia inguru bertaratu dira.

Turistaz beteta egon ohi da Notre Dame katedralaren zabalgunea eta erasoaren unean 900 bat lagun zeuden tenplu barruan. Dena argitu bitartean, barruan gelditzeko agindu diete.

Terrorismoaren aurkako Parisko Fiskaltzak erasoa argitzeko ikerketa bat jarri du abian, ekintza terrorista izan dela iritzita.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena