Mundua -
Erresuma Batua
Londresko sutean hildakoak 58 dira jada, Poliziaren arabera
Orain arte desagertuta zeuden 28 lagun hiltzat eman dituzte. Litekeena da hildako kopuruak gora egitea, suhiltzaileek lanean jarraitzen baitute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Londres mendebaldeko etxebizitza-eraikin batean asteazkenean izandako sutean hildako lagunak 58 dira dagoeneko, Erresuma Batuko Poliziak egindako azken zenbaketaren arabera. Gauzak horrela, orain arte desagertuta zeuden 28 lagun hiltzat eman dituzte.
Stuart Cundy Londresko Poliziaren komandanteak komunikabideen aurrean azaldu duenez, litekeena da hildako kopuruak gora egitea, suhiltzaileek lanean jarraitzen baitute. Eraikina guztiz hondatuta dago, joan den asteko sute handiaren ondorioz.
Cundyk adierazi duenez, desagertuta zeuden 28 lagun horiek eraikinaren barruan zeudela badakite segurtasun indarrek. Gorpuzkiak erreskatzeko operazio "handia" abiatu dute, eta asteak beharko dira hura bukatzeko.
"Ahal bezain laster, senideen gorpuzkiak aurkitu eta erreskatatuko ditugu", esan du komandanteak. Suteak kiskalitako eraikinean 400 eta 600 lagun inguru bizi ziren, horietako asko, txiroak.
Cundyk argitu duenez, Poliziaren lehentasuna da argitzea nor zegoen eraikinaren barruan sutea piztu zenean.