Mundua -
Belgika
Leherketa bat izan da Bruselan eta tirokatuta gelditu dute erasotzailea
Erasotzailea hil egin dute, baina ez da inor gehiago zauritu. Leherketa indar gutxikoa izan da, tren geltoki nagusian izan bada ere.
Agentziak | Erredakzioa
Belgikako Poliziak pakete bat zeraman pertsona bat tirokatuta "geldiarazi" du Bruselako geltoki nagusian, eta ondorioz leherketa txiki bat izan da, Poliziak jakitera eman duenez.
Agenteek susmagarriari tiro egin eta hil egin dute. Komunikabide batzuen arabera, lehergailu bat zeraman gerrikoan.
Beste iturri batzuek zabaldu dutenaren kontra, Poliziak jakinarazi du tiroketaren ostean izan dela leherketa.
Fiskaltzak "eraso terrorista" izan dela azaldu du, eta horrela ari direla ikertzen gertatutakoa.
Erasoaren ondorioz, tren eta metro zerbitzua eten egin dute, eta jende oldea izan da. Geltokitik oso gertu dagoen Grand Place plaza turistikoa ere jendez hustu dute badaezpada ere.
Dena dela, erasotzaileaz aparte, inor gehiago ez omen da zauritu.
Artezilariak bertaratu dira oraindik itxi dagoen geltokian, lehergailurik ez dagoela egiaztatzeko. 23:00k igarota, agintariek jakinarazi dute kontrolatutako leherketa bat izan dela.