Mundua -

Izendapenak

Macronek lau ministro berri izendatu ditu Gobernua birmoldatzeko

Ikerketa judizialengatik lau gobernukidek dimisioa eman dutelako birmoldatu du Gobernua. Hiruri diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatzen diete, eta besteari, nepotismoa.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Argazkia: Efe
Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Argazkia: Efe
Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Gobernuaren birmoldaketa garrantzitsua egin du, ikerketa judizialengatik lau gobernukidek dimisioa eman dutelako behartuta. Dimisioa eman dutenetako hiruri diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatzen diete, eta besteari, nepotismoa.

Nicole Belloubet 62 urteko legelariak François Bayrouren postua hartuko du Justizian; Florence Parly Estatu idazkari ohiak Sylvie Goularden Defentsakoa; eta Nathalie Loiseau Administrazioko Eskola Nazionaleko zuzendariak Marielle de Sarnezen lekua, Gai Europarretan.

Stephane Travert sozialistak Jaques Mezarden postua hartuko du Nekazaritza alorrean, eta horrek Lurralde Kohesioaren ardura hartuko du.

Justizia, Defentsa eta Europako Gaien ministerioetako aldaketak diru publikoa bidegabe erabili izanarekin du zerikusia. Ardura horiek zituztenak MoDemekoak ziren, Bayrou, Goulard eta De Sarnez, hain zuzen ere, eta Europako Parlamentuko funts publikoekin gezurrezko lanpostuak ordaintzea eta dirua alderdi zentristara bideratzea leporatzen diete.

Dimisioa eman duten ministroen kasu mediatikoena Bayrourena izan da, MoDem alderdiaren buruarena. Euskal Herriarekin harreman zuzena du Bayrouk, eta duela aste batzuk ustelkeriari aurre egiteko lege bat aurkeztu zuen.

Buruzagi zentristak esan du defentsa prestatzeko eta Gobernua ez ahultzeko hartu duela dimisioa emateko erabakia.

Gobernuaren birmoldaketa iritsi baino hiru egun lehenago, Errepublika Martxan Macronen alderdiak gehiengo osoz irabazi zituen hauteskunde legegileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Frantzia Gaurko azken ordukoa Frantziako presidentea azken ordukoa