Mundua -
Istripua
Gutxienez 153 pertsona hil dira Pakistanen, zisterna-kamioi bat lehertuta
Kamioia errepidean geratu da zirkulazio istripu baten ondorioz. Bizilagunak erregaia hartzeko asmoz hurbildu dira, baina bat-batean kamioiak su hartu du.
Agencias | Redacción
Gutxienez 153 pertsona hil eta beste horrenbeste larri zauritu dira Pakistanen, erregaia zeraman zisterna-kamioi batek zirkulazio istripua izan eta eztanda egin ostean, herrialde horretako larrialdi zerbitzuak jakitera eman duenez.
Ezbeharra igande honetan gertatu da, 06:30ean (01:30 GMT), Punyab probintziako Bahawalpur hirian. Ildo horretatik, Fida Hussain hiri horretako poliziaren bozeramaileak ziurtatu du datozen orduotan balitekeela “hildakoen kopuruak gora egitea”.
Antza denez, zisterna-kamioiaren gidariak ibilgailuaren kontrola galdu du eta errepide erdian geratu da, iraulita. Une horretan, bizilagunak kamioia zegoen tokira hurbildu dira erregaia hartzeko asmoz, baina bat-batean kamioiak su hartu du eta, horren ondorioz, lehertu egin da.
Asif Ghafoor Pakistango Armadaren bozeramaileak Twitter bidez zabaldutako mezu baten bidez azaldu duenez, ezbeharra izan den lekura helikoptero bat bidali du Armadak, biktimak artatu eta ospitalera eramateko.