Mundua -
'Ransomware'
Zibererasoa, nazioarteko ehunka enpresa eta erakunderen aurka
Herrialde kaltetuenak Errusia eta Ukraina omen dira, baina birusa Erresuma Batura, Espainiara, Danimarkara, Holandara eta Frantziara zabaldu da jada.
Agentziak | Erredakzioa
Zibererasoa izan da astearte honetan munduko enpresa eta erakunde ezberdinetan, 'ransomware' software maltzurraren bidez.
WannaCry bertsioaren antzera zabaldu da: birusak –Petyaren aldera bat- ordenagailuaren sistema eragilea edo disko gogorra zifratzen du eta birusa makina horretara lotuta dauden sare ezberdinetan barrena zabaltzen da. Hala azaldu du Entelgy zibersegurtasunerako konpainiak.
Erasotzaileek 300 dolarreko erreskatea eskatzen dute, 'bitcoin' moneta birtualaren bidez ordaindu beharrekoa.
Herrialde kaltetuenak Errusia eta Ukraina omen dira, baina birusa Erresuma Batura, Espainiara, Danimarkara, Holandara eta Frantziara zabaldu da jada.
Volodimir Groisman lehen ministro ukrainarrak azpimarratu du "aurrekaririk gabeko erasoa" dela, baina sistema garrantzitsuenetan eraginik izan ez duela erantsi du. Besteak beste, Ukrainako Banku Zentrala eta Borispileko aireportu internazionalaren kontra egin dituzte zibererasoak, baita Gobernuaren aurka ere.
Errusiako Rosneft petrolio konpainiak jakinarazi du “eraso informatiko handi baten” biktima izan dela, baina ez duela produkzioan eraginik izan.
Holandako komunikabideen arabera, munduko portu ezberdinetan, tartean Rotterdamen, lan egiten duen APM zamaketa enpresaren (Maersk konpainiaren filiala) kontra ere egin dute erasoa.
Kopenhageko enpresa batean ere izan da zibererasoa eta birusak bere sistema informatikoa kutsatu du.
Erresuma Batuko WPP multinazionalak azaldu duenez, bere enpresa batzuetan ere izan dira eraso informatikoak.
Frantzian, Sain Gobain konpainia izan da kaltetua, eta bertako Fiskaltzak ikerketa jarri du abian.