Mundua -
Frantzia
Zortzi pertsona zauritu dira tiroketa batean Avignongo meskitaren ondoan
Antza denez, bi kaputxadun auto batetik jaitsi eta tiroka hasi dira, eskuko arma bat eta errifle bat zutela. Polizia haien bila ari da.
agentziak | erredakzioa
Gutxienez zortzi pertsona zauritu dira, tartean neskato bat ere, bi gizonek meskita batetik gertu bart egindako tiroketa batean, Avignonen (Frantziako hego ekialdean), Fiskaltzak gaur, astelehena, jakinarazi duenez. Momentuz, baztertu dute atentatu terroristaren hipotesia.
Polizia tiro egin dutenen bila ari da oraindik, gutxienez ehizarako errifle batekin xederik bereizi gabe tiro egin ostean ihes egin baitute. Tiroketa meskita baten ondoan izan da, baina, Laure Chabaud fiskalaren ordezkoak esan duenez, "ez zen helburua", Le Dauphine egunkariak argitaratu duenez.
Tiroketa 22:30ean izan da (20:30 GMT), Grange d'Orel auzoko meskitatik hurbil.
Lehen zantzuen arabera, baliteke kontu garbitzea izatea, LCIk katearen esanetan.
Ikertzaileek uste dutenez, hainbat gazte elkar borrokatu ziren eta, bat-batean, meskitaren ingururaino heldu ziren, hain zuzen, tiroketa gertatu den lekura.
La Provencek aipatutako lekukoen hitzetan, bi kaputxadun Renault Clio batetik jaitsi eta tiro egiten hasi dira, eskuko arma bat eta errifle bat zeramatzatela.
Horrezkero, ihes egin dute, eta Polizia topatzeko operatiboa abiarazi du, Montpellierreko Epaitegietako Poliziak gidatutako ikerketaren baitan.