Mundua -
Lehen urteurrena
Macronek terrorismoari 'edonon' aurre egiteko konpromisoa hartu du Nizan
"Gure mugen barruan eta kanpoan, alde guztietan, borroka egingo dugu terrorismoaren aurka atsedenik hartu gabe", azpimarratu du Frantziako presidenteak.
agentziak | erredakzioa
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak "atsedenik hartu gabe" terrorismoaren aurka borroka egiteko konpromisoa hitzeman die Nizako atentatu jihadistan izandako biktimei.
"Hildakoei zor diegu atsedenik gabe borroka egitea", adierazi du Macronek Nizan hil zituzten 86 lagunen omenezko urteurreneko ekitaldian. Terrorista batek kamioi batekin Inglesen Pasealekuan zeuden pertsonak harrapatu zituen, eta 86 pertsona hil eta 460 zauritu zituen gaur urte bete.
"Gure mugen barruan eta kanpoan, alde guztietan, borroka egingo dugu terrorismoaren aurka atsedenik hartu gabe", azpimarratu du Frantziako presidenteak.
Dena dela, gaineratu du borroka hori "gure baloreei, Zuzenbide Estatuari, askatasunari" eta egun hartan hil ziren pertsonei errespetuz egingo duela.
Macronek esan du egun hartako "minak Errepublikaren eta herritarren arteko harremana pitzatu" zuela, baina "lotura deuseztaezina" dela eta "Errepublikak konfiantza berreskuratzeko ahal den guztia" egingo duela.