Mundua -
Venezuela
Bi hildako eta ia 200 atxilotu oposizioak Maduroren aurka deitutako greban
Oposizioaren arabera, % 85eko jarraipena izan du deialdiak; Maduroren aldekoek, ordea, bestelako datuak zabaldu dituzte. Liskar handiak izan dira manifestari eta polizien artean.
agentziak | erredakzioa
Venezuelako oposizioak presioa areagotu du Nicolas Maduro presidentearen aurka zenbait hiritan gune batzuk geldiarazi dituen greba orokor batekin. Horren balantzea: bi hildako eta gutxienez 173 atxilotu, kaleen zirkulazioa eteteko ekintzetan eta ondoko liskarretan.
Manifestariek zirkulazioa oztopatu dute zaborra, adarrak eta bestelakoak bidean jarrita, eta Caracasen eta beste hainbat hiritan aurre egin diete segurtasun indarrei, errepideak garbitzera joan direnean.
Ronney Tejera 24 urteko venezuelarra hil da "su arma batek" jota, Los Teques (Caracas) izan den manifestazio batean. Fiskaltzak baieztatu egin du gertatutakoa, eta hiru pertsona zauritu dira.
Andres Uzcategui 23 urteko venezuelarra ere hil da, Valencia (Carabobo) hirian egindako manifestazioan, eta sei pertsona zauritu dira, Fiskaltzaren arabera.
Poliziak, Caracasen izan den manifestazioetako batean. Argazkia: EFE
Greba "herritarren borrokaren maila gorena" da, eta aurreko igandean 7,2 milioi herritarrek (oposizioaren esanetan) Madurok deitutako Asanblea Konstituziogilearen aurkako erreferendumean parte hartu ostean aktibatu du oposizioak fase hori.
Batasun Demokratikorako Mahaiak argitaratu dituen irudietan, Kaleak hutsik eta dendak itxita agertzen dira, eta protesta eguna herritarren % 85ek jarraitu dutela esan du. Protestaldiak 06:00ak arte (13:00ak, gurean) iraungo du.
Langileen Zentral Bolivartarra Sozialistak, baina, grebaren arrakasta gutxietsi du. Horren arabera, ez du jarraipenik izan, eta langileak "egunero legez" joan dira lanera.
EFE albiste-agentziak baieztatu duenez, Caracasen manifestarien eta agenteen artean izandako liskarretan, Poliziak eta Guardia Nazional Bolivartarrak gas negar-eragileak eta perdigoiak bota dituzte kaleetan barrikadak egiten ari zirenen aurka. Horiek, aldiz, besteak beste, harriak, botilak eta molotov koktelak jaurtiz erantzun diete agenteei.
Poliziaren modulu bat, sutan. Argazkia: EFE
Sucre udalerrian (Caracas), Carlos Ocariz oposizioko kidea VTV telebista publikoaren aurka egindako erasoaren erantzulea izan da, Madurok salatu duenez. Erasoa izan denean, postaren enpresa publiko baten egoitza bat ere erre dute.
"Terrorista guztiak atzemateko agindua eman dut (…), eta Ocariz alkatea erantzule egiten dut. Justiziari Ocariz alkatearen aurka egiteko eskatzen diot, VTVren aurkako erasoaren erantzule da", esan du presidenteak Asanblea Konstituziogilearen aldeko ekitaldi batean.