Mundua -

Akordioa

Damaskotik gertu indarrean zegoen su-etena bertan behera geratu da

Laguntza humanitarioa daraman lehen konboia tentsioa baretzeko gunera (ekialdeko Gutan) hurrengo egunotan heltzea espero da, zaurituak artatzeko.

Siriako Armadak borroka eten du Damaskotik gertu dauden hainbat tokitan. Argazkia: EFE
Siriako Armadak borroka eten du Damaskotik gertu dauden hainbat tokitan. Argazkia: EFE
Siriako Armadak borroka eten du Damaskotik gertu dauden hainbat tokitan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekialdeko Gutan bi talde islamisten artean izandako borroka armatu batek bertan behera utzi du, igande honetan, bart sinatutako su-etena. Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren esanetan, Levanteren Askatasunaren taldeko borrokalariek (Al-Qaidaren eskumendeko erakunde ohia) eta Errukiaren Legioaren talde batek urratu dute akordioa.

Siriako Armadak atzo, larunbata, jakitera eman zuenez, ekialdeko Gutako hainbat zonaldeetan borroka etetea erabaki du. Siriako oposizioak Damasko kanpoaldean duen gotorleku nagusia da hori. Siriako Gobernuak eta Islamaren Armadak lortutako akordio horrek bat egiten zuen Errusiak egindako beste jakinarazpenarekin, izan ere, “tentsioa baretzeko gune” baten sorreraren berri eman zuen goizean.

“Sinatutako txosten hauek tentsioa baretzeko gunearen mugak zehazten ditu. Halaber, ikuskatze lanak burutuko dituzten indar armatuak zein tokitan egongo diren esateaz gain, herritarrei laguntza humanitarioa emateko eta askatasunez ibiltzeko bideak jasotzen ditu akordioak”, azaldu zuen Errusiako Defentsa Ministroak.

Zehazki, Errusiako militarrek eta Siriako oposizioko ordezkariek sinatu zuten akordioa, Egiptoren bitartekaritza lana funtsezkoa izan bada ere.

“Laguntza humanitarioa daraman lehen konboia tentsioa baretzeko gunera (ekialdeko Gutan) hurrengo egunotan heltzea espero da, zaurituak artatzeko”, gaineratu zuen atzo Errusiako Defentsa Ministroak.

Ostegunean Al Rihan udalerrian (Al Duma hegoaldean) izandako enboskadaren ostean sinatu zuten su-etena bi aldeek. Ekintza hartan gobernuaren aldeko 28 soldadu inguru hil zituen Islamaren Armadak, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak esandakoaren arabera.

Erasorik egiteko akordioa indarrean egon arren, Siriko Armadaren hegazkinek lau aldiz bonbardatu dute ekialdeko Guta. Zehazki, ekintza horiek Ain Tarma udalerrian, ekialdeko Gutan eta Duma hirian izan direla esan du Siriako Giza Eskubideen Behatokiak.

Larunbat arratsaldean Siriako Gobernuak bi aldiz urratu zuen ekialdeko Gutan borroka eteteko akordioa. Siriako Giza Eskubideen Behatokiak jakitera eman zuenez, lehen ekintza Duma hirian (Siria) izan zen, eta bost pertsona zauritu ziren bertan.

Beste alde batetik, Harasta hiriko mugan (ekialdeko Gutan) lehergailu bat jaurti zuen Siriako Gobernuaren Armadak, borroka eteteko akordioa sinatu eta ordu batzuk besterik ez zirenean igaro.

Azken asteotan tentsioaren gorakada nabarmena izan da ekialdeko Gutan, Siriako Gobernuaren alde borrokatzen dutenek Islamaren Armadari aurre egiten ahalegindu baitira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Gerra Siria Eguneko albisteak Siria gaur