Mundua -
Gaur, arrisku handia
Frantziako hego-ekialdeko sute nagusietako batzuk, kontrolpean
12.000 pertsona ebakuatu dituzte eta 7.000 hektarea baino gehiago kiskali dira dagoeneko. Sua astearte gauean piztu zen, La Londe-Les-Mauresen.
agentziak
Frantziako hego-ekialdea kiskali duten sute nagusietako batzuk kontrolpean hartzea lortu dute dagoeneko, hedabide frantziarrek zabaldu dutenez. Atzo, 12.000 pertsona ebakuatu zituzten arriskuagatik, 3.000 kanpinlari tartean.
Bormes-Les-Mimosasen, azken egunotako suterik bortitzena piztu den lekuan (700 hektarea kiskali ditu bertan), garrek ez dute aurrera egin gau osoan, baina "gune beroak" daude oraindik, Le Dauphine Libere egunkariaren arabera.
François Arizzi aipatutako herriko (Var departamendua) alkateak BFM TV telebista katean esan duenez, baikor dago eta espero du ebakuatutako pertsonak gaur bertan itzultzea euren etxeetara edo opor-lekura.
Martiguesen, Carro herria arriskuan jarri duen sua kontrolpean dute jada. Artiguesen, baina, garrek bere horretan jarraitzen dute.
Sutea astearte gauean hasi zen La Londe-Les-Maures herrian, eta Cap Benatera abiatu zen ondoren. Egun horretan, suhiltzaile bat zauritu zen.
600 bat suhiltzailek osatzen dute suteei aurre egiteko operatiboa, bai suteak dituzten udalerrietakoak, baita ondoko departamenduetakoak ere.
Haize handiak are zailagoa egiten du sua kontrolpean hartzea, nahiz eta suhiltzaileak buru-belarri ari diren. Suak harrapatu duen inguruak turista ugari erakartzen ditu, Parisen ostean, Frantzian turista gehien erakartzen dituen ingurua baita.
Var departamenduko prefekturak (Gobernuaren ordezkaritza) atzo Twitterren jakinarazi zuenez, gaurko sute-arrisku handia espero dute: "handia edo ezohikoa".
Bormesko Udalak kanpinetara itzultzen ez saiatzeko eta, kontrakoa esan arte, hondartzan jarraitzeko eskatu die turistei.