Mundua -

Venezuela

Molotov koktelak jaurti dituzte Espainiak Caracasen duen enbaxadaren aurka

Venezuelako Gobernuaren arabera, "ekintza arbuiagarria" izan da; Fiskaltzak ikerketa hasi du erasoa argitzeko, eta Konstituziogilea baliogabetzea eskatu du.

Manifestariak, uztailaren 31an. Argazkia: EFE
Manifestariak, uztailaren 31an. Argazkia: EFE

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Kanpo Arazoetarako Ministerioak baieztatu duenez, Espainiako Gobernuak Caracasen duen enbaxadari eraso diote ostegunean, molotov koktelak jaurtiz, baina ez da inor zauritu, ezta kalte handirik egin ere, horren arabera.

Jesus Silva Espainiako Gobernuak Caracasen duen enbaxadoreak esan du gorabehera "txikia" izan dela, eraikinaren aurka jaurtitako koktel batek baino ez duelako eztanda egin, eta "ez du ez kalterik ez zauriturik eragin".

Venezuelako Fiskaltzak ikerketa hasi du Enbaxadaren aurkako erasoa argitzeko. Ministerio Publikoak Twitterren adierazi duenaren arabera, ikerketa abiarazi du, zenbait hedabideren bidez erasoaren berri izan eta gero. Antza, motozikleta batean zihoazen pertsona batzuek jaurti dituzte lehergailuak.

Bestalde, Venezuelako Gobernuak arbuiagarritzat jo du Espainiako Enbaxadaren aurkako ekintza.

Jorge Arreaza Venezuelako Kanpo Arazoetarako ministroaren hitzetan, Nicolas Maduro presidenteak "ikerketa polizial sakona" agindu du "berehala", eta "martxan dago". Gainera, "su-bonbekin eraso" egin duten taldeen "ekintza arbuiagarria" izan da.

"Espainiaren Caracasko Enbaxada dagoen gunean 120 egunez izan dira erasoka eskuineko talde venezuelarrak", esan du Twiterren duen kontuaren bidez.

Fiskaltzak Konstituziogilea baliogabetzea eskatu du

Bestalde, Venezuelako Fiskaltzak Asanblea Nazional Konstituziogilea indargabetzea eskatu du, hango auzitegi batean.

Twitterren, Ministerio Publikoak zehaztu du bi fiskalek egin dutela eskaria, kontrolerako auzitegi batean, Asanblea Nazional Konstituziogilea osatu bezperan (Konstituzio berria egin eta Estatua erreformatzeko ahalmena izango du).

"Hauteskunde prozesuan ustez egindako delituetan oinarritu da fiskalen eskaria", azaldu du Fiskaltzak beste mezu batean.

Polizien talde baten aurka jarritako bonboak eztanda egiten duen unea. Argazkia: EFE

Polizien talde baten aurka jarritako bonboak eztanda egiten duen unea. Argazkia: EFE

Caracasen lehergailu batek eztanda egin du Poliziaren talde bat bertatik pasatzen ari zenean. Argazkia: EFE

Bozketa bi udalerritan errepikatuko dute

Venezuelako Hauteskunde Kontseilu Nazionalak (CNE) bozketa errepikatuko du abuztuaren 13an bi udalerritan, 545 ordezkariak izateko falta diren 7 ordezkariak hautatzeko, Tibisay Lucena erakunde horren presidenteak jakinarazi duenez.

CNEren zuzendaritzak indarkeriazko ekintzak izan ziren zenbait udalerriren kasuak aztertu ditu. Egun horretan, manifestazio, protesta eta ekintza ugari egin zituzten, eta 10 pertsona hil ziren guztira.

Halere, Gobernuaren aldeko taldeek bozketa bost udalerritan errepikatzea eskatu zuen arren, CNEk Mirandan (Merida) eta Francisco de Mirandan (Tachira) baino ez dute egingo.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gaurko azken orduko albistea Venezuela albisteak Nicolás Maduro gaur