Mundua -
Errefuxiatuen drama
Italia, GKEen eta pertsona-trafikatzaileen arteko 'harremanak' ikertzen
Alemaniako gobernuz kanpoko erakunde baten ontzia atxikita dute, tripulazioak mafiekin ustez izandako 'harremanak' ikertzeko.
Agentziak
Libiako kostaldean aritzen diren pertsona-trafikatzaileen sareen kontra tinko aritzeko asmoa du Italiak. Europa amets, milaka lagun ateratzen dira Afrika iparraldeko herrialde horretatik. Bertatik irten dira aurten Italiara heldutako 95.215 etorkinen % 97.
Etorkinok gobernuz kanpoko erakundeen (GKE) ontziek erreskatatzen dituzte maiz, eta azken horien jarduna kontrolatzeko asmoz, jokabide kodea proposatu die, Europar Batasunaren oniritziarekin.
Kode horren arabera, gobernuz kanpoko erakundeen ontziak ezin dira Libiako uretan sartu. Gainera, ezin dute pertsona-trafikatzaileek atzemateko moduko argizko seinale edo radar abisurik egin.
Horrez gain, erakundeek gardentasunez azaldu behar dituzte euren finantzaketa moduak, eta euren ontzietan armatutako funtzionario bat sartzea baimendu behar dute.
Marco Minniti Italiako Barne ministroak azaldu duenez, Mediterraneoan lan egiten jarraitu nahi duten gobernuz kanpoko erakundeek "kodea sinatu beharko dute". Hala egin dute jada Save the Children, Moas eta Proactiva Open Arms erakundeek.
Halaber, Mugarik Gabeko Medikuak (MSF, gaztelerazko sigletan) erakundeak dagoeneko esan du ez dutela sinatuko. Horren ordezkariek argudiatu dutenez, ez dituzte euren ontzietan funtzionario armaturik onartuko. "Arazoa ez da funtzionarioekin, armekin baizik. Adibidez, mundu zabalean egunero ari gara lanean armek gure erietxeetan lekurik ez izateko", azaldu dute ohar batean.
Atzo bertan ez zioten Lampedusan porturatzen utzi Mediterraneoan erreskatatutako 127 pertsona zeramatzan Mugarik Gabeko Medikuen ontzi bati.
Alemaniako GKE bat, susmopean
Hain justu, jokabide kodea sinatu ez duten beste erakunde baten, Jugend Rettet alemaniarraren, jarduna ikerketapean dute Italiako agintariek. Trapaniko (Italia hegoaldea) Fiskaltzaren aginduz, Iuventa ontzia atxikita dute abuztuaren 2tik.
Italiako Polizia, 'Iuventa' ontzia atxiki zuen egunean. EFE
Ambrogio Cartosio fiskalburuak ikerketa abiatu du ontzi horren tripulazioaren eta pertsona-trafikatzaileen artean izandako "harremanak" argitzeko. Ikerketak agerian utzi du gobernuz kanpoko erakunde horretako kideek harremanak izan zituztela trafikatzaileekin, gutxienez hiru aldiz: 2016ko irailaren 10ean eta 2017ko ekainaren 18an eta 26an.
Fiskaltzak egiaztatu duenez, trafikatzaileek etorkinak zeramatzaten ontziei laguntzen zieten, Alemaniako gobernuz kanpoko erakundearen "esku uzteko".
Oraingoz ez dute inor inputatu. Jugend Rettet erakundeak iragarri du helegitea aurkeztuko duela atxikitze aginduaren kontra.
Misioa Libiako uretan
Jokabide kodeaz gain, pertsona-trafikatzaileen jarduna oztopatzeko beste hainbat neurri hartu ditu Paolo Gentiloniren gobernuak. Italiako ontziak Libiako uretan ibiliko dira, herrialde horretako itsasontziei laguntzen.
Tripoli parean dauden uretan garatuko dute misioa, abenduaren 31ra arte. Bi patruilak Libiako itsas guardiako ontziak konpontzen lagunduko dute, besteak beste.
Libia ekialdeko indarrek Italiaren erabakia kritikatu dute, herrialdearen subiranotasunaren kontrako neurria dela iritzita. Hala, Libiako uretan baimen gabe sartzen den edozein itsasontziri eraso egingo diotela iragarri du Libiako Armada Nazionalak.
Berehala etorri da Italiaren erantzuna. Libiako Gobernuaren ordezkariek argitu duenez, Libiako mendebaldeko uretan ibiliko dira ontziak, ekialdeko indarrak dauden eremutik urrun.