Mundua -
erasoa
Soldadu frantsesen aurkako erasoaren ustezko egilea atxilotu dute
Polizia-operazioan parte hartu duen agenteetako bat zauritu egin da kide baten tiroa jasota.
agentziak | eredakzioa
Frantziako Poliziak gizonezko bat atxilotu du Paris kanpoaldean soldadu talde bat harrapatzea leporatuta. Atxilotua aljeriarra omen da, eta "delitu txikiengatik" soilik zegoen fitxatuta, Franceinfo hedabideak ikerketako iturriak aipatuta zabaldu duenez.
Gizona ez zegoen 'S' fitxategian, susmagarri arriskutsuenen zerrendan, eta ez zegoen inteligentzia zerbitzuen zaintzapean, horren iturrien arabera. Parisko Fiskaltzak, halere, erasoa ekintza terrorista gisa ikertzen jarraitzen du.
Ibilgailu batekin harrapatuta sei soldadu zauritu ostean, ustezko erasotzailea, 1980an jaiotakoa, ihes egiten saiatu da, eta Mantxako Kanaletik gertu dagoen autobide batean atzeman dute. BFMTV katearen arabera, autoaren gidariak bost tiro jaso ditu, Poliziak armatuta zihoala uste zuelako.
Franceinfok azaldu du Poliziak auto-ilara sortu duela autobidean susmagarria atxilotzeko. Polizia-operazioan parte hartu duen agenteetako bat ere zauritu da, kide baten tiroa jasota.