Mundua -

Ezbeharra

20 pertsona hil dira eta 123 zauritu tren istripu batean, Indian

Gertaera larunbat honetan izan zen, 17:30ean (12:00 GMT). Hamar bagoi trenbidetik atera ziren.

Indiako tren istripuaren irudia. EFE
India tren istripua
Indiako tren istripuaren irudia. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 20 pertsona hil dira eta beste 123 zauritu tren bat errailetik irtenda, Indian, Uttar Pradesh estatuan, herrialdearen iparraldean.

"Kalinga-Utkal Express (Puri Haridwar Express) errailetik irten da: 20 bidiari hil dira eta 123 zauritu; hainbat ospitaletan daude”, jakinarazi du Hondamendien Kudeaketaren Aginte Nazionalak Twitterreko kontuan.

Suresh Prabhu Trenbide ministroak amaitutzat eman zituen erreskate lanak istripua izan eta bost ordura. Gauerdian berreraikitze lanak hasi direla nabarmendu du. Ministroak azaldu duenez, trenbidetik irten zen lehen bagoiari buelta eman diote gauerdi inguruan.

Istripua larunbat honetan, 17:30ean izan zen (12:00 GMT), Muzaffarnagarren. Hamar bagoi trenbidetik irten ziren. Puri hiritik zetorren trena.

Urtarrilean, 29 pertsona hil ziren eta 50 zauritu, tren bat bidetik aterata, Andrha Pradeshen, India hegoaldean. Azaroan, beste istripu bat izan zen; 146 bidaiari hil ziren eta 200 inguru zauritu, iparraldean.

Indiako trenbide sareak 65.000 kilometroko bidea du, eta munduko laugarren luzeena da, Estatu Batuak, Errusia eta Txinaren atzetik. 1,3 milioi langile ditu eta 12.500 tren. Egunero 23 milioi bat bidaiari eramaten dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea