Mundua -

'Brexit'a

Europar Batasuna uzteko legea onartu du Parlamentu britainiarrak

Zazpi diputatu laboristak alderdiaren boto-diziplina hautsi, eta Theresa Mayren lege-proiektuaren alde bozkatu dute.

Bandera britainiarra eta europarra, Parlamentuaren aurrean. EFE
Brexita. EFE
Bandera britainiarra eta europarra, Parlamentuaren aurrean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuna (EB) uzteko lege-proiektuak lehen izapidea gainditu du Parlamentu britainiarrean. Theresa Mayren gobernuak prestatutako egitasmo hori 'Brexit'a gauzatzeko ezinbestekoa da, Europar Batasuneko legeek britainiarren aurrean lehentasuna izateari uztea ahalbidetzen duelako.

Mayren alderdi kontserbadoreak Parlamentuan gehiengoa ez duen arren, lehen izapide hau gehiengo erosoarekin (326 aldeko boto vs 290 kontrako boto) onartu du Ganberak. Diputatu kontserbadoreez gain, Ipar Irlandako diputatu unionistek eta zazpi diputatu laboristak babestu dute legea. Azken horiek boto-diziplina hautsi dute, Corbynen alderdiak kontrako jarrera azaldu baitu hasieratik.

Testuak, bada, bere bideari ekingo dio.

Bozketa egin ondoren (gauerdia igarota zegoenean bukatu da), pozik mintzatu da Erresuma Batuko lehen ministroa. Mayren aburuz, "erabaki historikoa" hartu du Parlamentuak "herritar britainiarren borondatea beteta" eta "'Brexit'aren aurrean segurtasuna eta gardentasuna bermatuta".

Helburu bikoitza du legeak

1972ko Europako Komunitateen Agiria baliogabetuko du legeak. Agiri horren bitartez batu zen Erresuma Batua Europako Ekonomia Erkidegora.

Era berean, Europar Batasuneko milaka lege araudi britainiarrean sartuko ditu, 'Brexit'a gauzatzen denean (2019ko martxoaren 29an, ondo bidean) lege hutsunerik egon ez dadin.

"Lege honen kontrako boto bakoitza irteera kaotiko baten aldeko botoa da", ohartarazi du David Davisek bozketa bukatutakoan.

Laborista errebeldeak

Laboristak lege horren kontra azaldu dira. Erresuma Batuak EB uztearen alde badaude ere, ez datoz bat lege horrek Gobernu britainiarrari ematen dion aparteko botearekin. Izan ere, Europako legeak araudi britainiarrean sartzeko aukera izango du Gobernuak, Parlamentuaren onespena izan gabe.

Dena dela, zazpi diputatuk alderdiaren boto-diziplina hautsi, eta Mayren lege-proposamenaren alde egin dute. Legea babestu duen Caroline Flinten laboristaren hitzetan, "Brexitaren alde bozkatu zuen gehiengo horren hautua errespetatu behar dut".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Europar Batasuna Eguneko albisteak Brexit albisteak Zer da Brexita Theresa May albisteak