Mundua -
Venezuela
MUDek hauteskunde sistemaren erreforma berriz negoziatzea proposatu du
Hala, lortutako akordioak ez betetzea elkarri leporatuta urte hasieran bertan behera geratu ziren negoziazioak berrabiarazi litzakete.
agentziak | erredakzioa
Julio Borges Venezuelako Asanblea Nazionaleko presidenteak iragarri du Batasun Demokratikoaren Mahaia (MUD) prest dagoela Nicolas Maduroren Gobernuarekin hauteskunde sistemaren erreformaren gaineko negoziazioei berriz heltzeko, "eskualde hauteskundeetako gorabeheren" ostean.
Borgesen esanetan, Venezuelak hauteskunde sistema "fidagarria" izan behar du. "Hauteskundeetan ez dira bermeak betetzen, hiritarren eskubideak urratzen dira eta Hauteskunde Batzorde Nazionalaren (CNE) zuzendariek agindu politikoak betetzen dituzte. Horrela jarraitzen duen bitartean, ez dago fidagarritasunik", kritikatu egin du prentsaurreko batean.
Oposizioaren liderrak azaldu duenez, MUDek proposamena egingo du, eta prest egongo da Madurorekin eztabaidatzeko "zinismoa alde batera utzi eta sakoneko arazoari aurre egin diezaion, hau da, herria ez dela hauteskunde sisteman fidatzen. Jendeak ikuska daitekeen sistema bat izan dezan, gardena eta bidezkoa".
Borgesek egindako proposamenaren ostean, baliteke MUDek eta Gobernuak urte hasieran bertan behera utzi zituzten negoziazioei berriz ekitea. Orduan, lortutako akordioak ez betetzea leporatu zioten elkarri, eta, ondoren, negoziazioa jarraitzen saiatu ziren irailean, Dominikar Errepublikan.
Halere, aurreko saiakeretan ez bezala, krisialdi politikoa amaitzeko helburua lortu nahi zen, politika, ekonomia eta gizarte arazoei aurre eginda, oraingoan hauteskunde sistema bakarrik negoziatuko lukete, eta horrek oposizioak begi onez ikusiko lituzkeen hauteskundeak egiteko bidea zabalduko litzateke.
Venezuelako hurrengo presidentetza hauteskundeak 2019an egitekoak dira, baina nazioarteak ahalik eta arinen aurreratzea eskatu dio Madurori, krisiarekin bukatzeko.