Mundua -
2.800 agiri argitara
Trumpek ez ditu Kennedyri buruzko agiri guztiak aireratu presioengatik
"Ez daukat beste aukerarik; zentsura onartu egin behar dut, gure nazioaren segurtasunari kalte konponezina egin dakiokeen baimena eman beharrean", esan du presidenteak.
agentziak | erredakzioa
Donald Trump AEBko presidenteak John F. Kennedy presidentearen hilketari buruzko 2.800 agiri publikatzea baimendu du, baina 300 bat sekretupean mantendu ditu, FBIren eta Intelgentzia Agentzia Zentralaren (CIA) presioak jaso ostean.
Zentsuratuta dauden agirien kasuan, datozen sei hilabeteotan berraztertzeko eskatu dio bere taldeari Trumpek eta, horrela, baliteke 2018ko apirilean agiri gehiago publikatzea, AEBko Gobernuko zenbait iturriren arabera.
Kennedyren hilketari buruz Gobernuak sekretupean mantentzen dituen agirien gaineko "beloa kentzeko agindu dut gaur", esan du Trumpek agiri batean.
Trumpen esanetan, "herri estatubatuarrak eman ahal den guztia merezi du", gertaera historiko horren inguruan, baina, Artxibo Nazionaletan dauden 3.100 dokumentuetatik "zenbait informaziok zentsuratuta jarraitzen dute", momentuz, segurtasun nazionalari lotutako arrazoiengatik.
"Ez daukat beste aukeratik, zentsura onartu egin behar dut, gure nazioaren segurtasunari kalte konponezina egin dakiokeen baimena eman beharrean", esan du presidenteak.
Agentzien kezka nagusia da "segurtasun edo inteligentzia ikerketa batean parte hartu zuten pertsonen nortasuna eta zeregina" aireratzea, batzuek bizirik jarrai baitezakete gaur egun, beste funtzionario baten esanetan.
"Askotan, atzerriko organizazio aliatuen babesarekin egindako operazioen datuak ere badaude", gaineratu du iturriak.
Artxibo Nazionalek sekretupeko egoeratik atera dituzten bertsio digitalak plazaratu ditu dagoeneko bere webgunean, 1992ko lege estatubatuar bati jarraiki.