Mundua -
badago lehen salaketa jarrita
Zezenketen aurkako oldarraldi judiziala Frantzian
Animalien aldeko elkarteak toreatzaileak, enpresariak eta udalerriak epailearen aurrera eramateko asmoa du. Frantziako legeak, momentura arte, zezenketen aldekoak babestu ditu.
agentziak | erredakzioa
Frantziako Animalien Babeserako Sozietateak (ABS) zezenketen aurkako oldarraldi judiziala iragarri zuen atzo, osteguna, toreatzaileak, enpresariak eta udalerriak epailearen aurrera eramateko asmoz.
Jarrera aldaketa erabaki du Frantziako animalien aldeko elkarte nagusienak. Orain arte, sentsibilizazio kanpainak egiten eta politikariekin negoziatzen izan da.
Alabaina, Natacha Harry ABSren presidenteak ziurtatu zuenez, "animalien aurkako edonolako tratu txarren borroka bizkortu egin behar da, bereziki zezenketen aurka, gizakiak dibertitzeko animalien sufrimenduaren ikuskizuna baita".
Helburua lortzeko, "esparru judizialari ekin" behar zaio, "Frantziako legediak aurrera egiten laguntzeko", momentura arte, zezenketen aldekoak baino ez baititu babestu. Zezenketak Frantziako 10 departamentutan baimenduta daude, hain zuzen, etenaldirik gabeko ohitura izan dutela erakutsi duten lekuetan.
Lehen salaketa astelehenean aurkeztu zuten, esan zuen ABSren presidenteak. Zehaztu zuenez, Frantziako Kode Zibilak 2015ean onartu zuen animaliek sentiberatasuna dutela, eta haien aurkako indarkeriazko ekintzak zigortzen ditu.
Harryren esanetan, salaketaren ondorioz, zezenketen zenbait erantzulek ere aurre egin beharko diote.
Zezenketa ez da ABSren jomugan dagoen gauza bakarra, bestelako jarrerak ere salatuko dituzte, esaterako, taldekako ehiza, eta animaliak zirkuetan erabiltzea.
Andre Viard Zezenketen Kulturaren Behatoki Nazionaleko presidentearen iritzian, ABSren ekimenak "haren arazoak estaltzeko" helburua dauka eta, gogorarazi zuenez, Frantziako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuen zezenketak Konstituzioak baimenduta daudela.