Mundua -
Zimbabwe
Mugabek ez du dimitituko, eta boterean jarraituko du abendura arte gutxienez
ZANU-PF bere alderdiak egindako dimisio-eskaerari uko egin dio Zimbabweko presidenteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Robert Mugabe Zimbabweko presidenteak agerraldia egin du igande honetan telebista bidez, eta dimisioa aurkeztuko zuela iragartzea espero bazen ere, 93 urteko buruzagiak esan du abenduan izango den bere alderdiaren batzarrean buru izango dela. Hori dela eta, dimititzeari uko egin dio Mugabek, eta boterean jarraituko du gutxienez abendura arte.
Mugaberen dimisioa eskatu du ZANU-PF bere alderdiak berak, eta bertatik kanporatu ditu Grace Mugabe horren emaztea eta hainbat jarraitzaile ere. Asteleheneko 12:00ak (tokiko orduan) arteko epea eman dio alderdiak Mugaberi dimititzeko, bestela kargugabetzeko prozesua abiatuko dute Parlamentuan.
Kargugabetzeko prozesuak arrakasta izateko, Parlamentuaren bi ganberaren bi herenek babestu behar dute; ZANU-PF alderdiak gehiengo argi dauka bi ganberetan, baina litekeena da Mugaberen eta Armadaren arteko negoziazioen ondorioz, presidenteak irteera duina lortzea.